Imanol Lopez: "Indartsu ikusten dut neure burua uda honetarako"

Pettan Uralde/Berria 2022ko abu. 18a, 20:00

Imanol Lopez.
Gernikako Grand Slama irabazi berri du puntista zumaiarrak. Hirugarren aldia du, eta bigarrena Jean Olharanekin aurrelariarekin batera. Udako sasoian ongi moldatzen da; "gustura" ari da. Berria-k egin dio elkarrizketa.

Gernikako Grand Slama irabazi arren, Imanol Lopezek (Zumaia, Gipuzkoa, 1984) ez dauka astirik atsedenaldia hartzeko. Ongi ematen zaio udako sasoia Zumaiako atzelariari, eta aurtengoa txapelketaz betea dauka. Beteranoa da, eta «egunez egun» joateko helburua jarri du. Bestalde, «pozik» dago Euskal Herrian zesta-puntak duen egoerarekin.

Nolakoa izan da Gernikako Grand Slama irabaztea?

Pozgarria. Niri betidanik gustatu izan zait irabaztea, eta horrelako frontoi polit batean egiten duzunean, zegoen jendetzarekin, ilusio berezia egiten du. Gainera, Gernikan, zaletasun berri bat sortu dela ikusten dut, eta interes handiko ekitaldi bat bilakatu da zesta-punta han. Ez du inork galdu nahi, eta sarrerak lortzeko ere zailtasun handiak daude, ikusmin handia dagoen seinale da hori.

Hirugarren aldiz irabazi duzu txapelketa. Bereziki gustuko duzu?

Leku guztietan ondo jokatzeko prestatzen naiz. Hala ere, beti daude leku batzuk non gusturago sentitzen naizen edo maila handiagoa ematen dudan. Gernika da horietako bat. Halabeharrez, han hasi nuen nire ibilbidea, 2003. urtean. Beste era oso desberdin batean izan zen: agian, 100 pertsona besterik ez zeuden harmailetan. Orain, berriz, nire ibilbidearen azken txanpan nagoela, jendea kanpoan geratu da frontoira sartu ezinik. Nork esango liguke hau duela urte batzuk.

Hirutik bitan Olharanekin irabazi duzu. Ondo moldatzen zarete kantxan.

Oso bikotekide garrantzitsua da niretzat, beti ongi moldatu gara, eta emaitzak hor daude. Kantxan poztasuna adierazten du, eta asko nabaritzen da. Horrez gain, maila handiko puntista da, eta, elkar ondo ezagutzen dugunez, horrelako garaipenak lortzen ditugu.

Irakurri elkarrizketa osorik.