Izena emateko epea zabalik dute taldeek Olarro Egunean txosnetan nahiz herri bazkarian lan egiteko

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 18a, 11:00
2019ko Olarro Eguneko herri bazkariko irudi bat.

Abuztuaren 31 baino lehen eman behar da izena, eta horretarako hainbat baldintza bete beharko dituztela jakinarazi du udalak. 2022ko Olarro Eguna irailaren 17an ospatuko da, larunbatarekin.

Hilabete eskas falta da aurtengo Olarro Egunerako. Izan ere, irailaren 17an, larunbatean, ospatuko da herrian hain berezia den festa.

Horregatik, urtero bezala, Zumaiako Udalak herriko taldeak deitu ditu egun horretako lanetan parte hartzera. Alde batetik, txosnetan lan egin ahal izango dute taldeek; bestetik, herri bazkaria zerbitzatzen. Azken horretan talde bakarrak hartuko du parte.

Izena abuztuaren 31 baino lehen eman behar da Turismo Bulegoan –943-14 33 96 edo turismoa@zumaia.eus, eta udalak irailaren 2an egingo du bilera talde guztiekin. Hitzordua Alondegian izango da, 18:30ean. Zozketa egingo dute han, baita eginbeharren xehetasun guztiak azaldu ere.

Interesa duten taldeek hainbat baldintza bete beharko dituzte izena emateko, udalak jakinarazi duenez. Honakoak, hain zuzen:

  • Zumaiako herria edota bere biztanleen onurarako, kirol, kultur edo gizarte mailan, etekin ekonomiko propiorik gabe, modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteek har dezakete parte deialdian.
  • Udalak herriko taldeen artean dirulaguntzak emateko onartutako oinarri berak bete beharko dituzte (Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu).
  • Euskaraz jarduteko gai izan beharko dute.
  • Bereziki edariak banatzeko orduan, taldekideak ez dira adin txikikoak izango.

Txosnetan egin beharreko lanak

Xehetasunak irailaren 2ko bileran emango dituzten arren, udalak aurreratu du hainbat informazio. Hala, txosna bakoitzean talde bat egongo dela azaldu du, eta horiek ostiralean eta larunbatean honako lanak egin beharko dituztela: ostiralean, txosna bakoitzeko 20 lagunek bertaratu beharko dute gutxienez, olagarroa moztu eta brotxetak egiteko. 16 urtetik gorakoak izan beharko dute.

Larunbatean,  berriz, olagarro zopa prestatu beharko dute goizean banatzeko, eta arratsaldean txosnetan brotxetak banatuko dituzte. Taldeak muntatu beharko du azpiegitura ere. Edariak ere taldearen esku egongo dira. 09:00etan hasi eta 23:00ak aldera arteko lana izango da.

Azkenik, udalak gogorarazi du txosna guztietan ordutegi eta prezio berberak egongo direla, eta prezioak herrikoiak izango direla.

Herri bazkarian egin beharreko lanak

Herri bazkariari dagokionez, hori talde bakarrak zerbitzatuko du. 600 lagun ingururi jana emateko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak ezarriko ditu talde horrek, baita bazkaria atera, txartelak hartu eta karparako sarrerak zaindu ere. Ondorengo txukuntze eta jasotze lanak ere talde horrek egingo ditu. Guztira 35 bat lagun beharko direla aurreikusi du udalak.

Era berean, talde horren ardura izango da sukaldaritza erakustaldirako beharrezko azpiegitura prestatzea eta jasotzea ere. Muntatze-desmuntatze lanen koordinazioa, berriz, udalaren eta herri bazkariko eta txosnetako kudeatzaileen artean egingo da.