Olharanek eta Lopezek irabazi dute Gernikako Grand Slama

Juan Luis Romatet 2022ko abu. 16a, 14:48
Argazkia: Markel Suarez

Gernikako Grand Slameko finala jokatu da gaur eguerdian zesta-puntako katedralean. 

Egun handien moduan jantzi da gaur Gernika-Lumoko frontoia. 1.800 pilotazale bertaratu dira frontoira Gernikako Grand Slameko finala ikustera. Beste ehunka zuzenean frontoian ikusteko gogoarekin geratu dira. Izan ere, ez da sarrerarik izan frontoiko leihatilan; dena aurrez salduta zegoen. 

Finalistak zein ziren ikusita, garbi zegoen txapela Zumaiara etorriko zela, bi zumaiar neurtu direlako finalean: Imanol Lopez, Paueko Jean Olhararekin bikotea osatuta, eta Iñaki Osa Goikoetxea, Donibane Lohizuneko Thibault Basque puntista atzeko koadroetan zuela. 

Partida ikustera frontoira hurreratu direnek, zein neurketa Euskal Telebistaren bidez jarraitu dutenek ikuskizun handia esperoko zuten. Lehen tantoak ikusita, ordea, beldur pixka bat ere sumatuko zuten. Izan ere, gorriak, Olharan eta Lopez, 6-0 aldearekin jarri dira aurretik lehen setean. Beraien abileziagatik baino gehiago, urdinen akatsengatik aurreratu dira. Gorriek ez zuten nahi Goikoetxea jokoan sartzerik, eta pilota geldoarekin partidako lehen tantoetan urduri egon den Basqueren akatsen bila aritu dira, pilotak atzera botaz. Aurreko koadroetara begira baino, atzekoetan jarrita zuen mira Olharanek, eta Lopez ohi bezain sendo agertu da frontoiaren atzealdean. Sei tantoko aldea mantendu dute hurrengo minutuetan ere (7-1, 8-2), baina urdinen bigarrenaren ondoren esnatu da Goikoetxea, eta pilota bizia erabilita bereak eta bi egin ditu aurreko koadroetan: bi paretak, zabalera eta txokora botatako pilotak, denetarik egin du Zumaiako aurrelariak fase horretan. Markagailuan hurreratu bakarrik ez (7-8), aurretik ere jarri dira Goikoetxea eta Basque (14-13). Une horretan lagundu dute, eta nola, Basquek egindako hiru tanto ikusgarriek. Seta baina, gorrien alde erori da 14nako berdinketa zela Goikoetxeak egindako akats bat dela medio. 

Erditik aurrera lehen setean erakutsitako dinamika bera mantendu dute Goikoetxeak eta Basquek bigarrenean ere. Lehen berdinketen ondoren, aurrea hartu dute markagailuan, baita aldea zabaldu ere. Olharanek egin du merituzko tanto sorta bigarren setean eta atzeko koadroetan bera baino hobeagoa den puntista gutxi dagoela erakutsi du beste behin ere Imanol Lopezek, nahiz eta lehen setean saskia edo xistera aldatu ondoren, huts batzuk ere egin dituen. Bigarren setak ez du lehenengoaren emozioa izan eta 15-10 emaitzarekin irabazi dute Goikoetxeak eta Basquek. 

Setetan banako berdinketarekin, set laburrean erabakiko zen zer bikotek jantziko zituen garailearen txapelak. Olharan eta Lopez 2-0 jarri dira aurretik, baita Goikoetxeak eta Basquek berdindu ere, baina azken hiru tantoak gorrien aldekoak izan dira (5-2). Hala, Olharan eta Lopez dira 2022ko Gernika Grand Slameko irabazleak.