Espainiako Vuelta Zumaiatik igaroko da hilaren 24an

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 17a, 10:00

Etzi hasiko da Espainiako Vuelta, Herbehereetan. 21 etapa gogorri egin beharko diete aurre txirrindulariek eta, horietako bosgarrena, Irunen hasi eta Bilbon amaituko dena, Zumaiatik igaroko da.

Errenteriatik eta Donostiatik igaro ondoren, Zarautz eta Getaria zeharkatuta helduko dira txirrindulariak Zumaiara eta, bertatik, Debarako bidea hartuko dute. Etapako lehen kilometroak izango dira kostaldetik egingo dituztenak eta, aurrerago gainditu beharko dituzte hainbat mendate gogor, Bilbora heldu aurretik. Esaterako, Munitibarko edota Morgako portuak.