Bart gaueko ziztada kasua gaitzetsi du Zumaiako Udalak

Juan Luis Romatet 2022ko abu. 13a, 16:06

Plazaratu duen adierazpenaren bidez, Zumaiako Udalak "erabateko gaitzespena" adierazi nahi dio bart gauean gertatutako erasoari, eta elkartasuna adierazi dio erasoa jasan duen emakumearei. Mugimendu Feministak deituta igandean egingo den ekitaldian parte hartzera ere deitu ditu herritarrak.

Bart gauean gertatutako ziztada kasua salatzeaz gain, ziztada horiek "indarkeria matxistaren forma berri bat" direla azaldu du eta ezin dira gertaera isolatu gisa ulertu. "Emakumeen beldurra eta mendekotasuna sustatzea dute helburu, eta askatasuna eta ongizatea baldintzatu eta mugatu nahi dute. Udaran ere, bai jaietan eta bai egunerokotasunean, libre lasai eta seguru bizitzeko eskubidea dugu emakumeok".

Horrenbestez, Zumaiako Udalak "bat egiten du Mugimendu Feministak erasoa salatzeko egindako deialdiarekin, eta dei egiten die herritar guztiei protestan parte hartzera". Aipatu elkarretaratzea igande honetan izango da, hilaren 14ean, 12:00etan Saregileen plazan.

Adierazpena plazaratzeaz gain, indarkeria matxistari aurre egin ahal izateko gaur egun eskura dauden baliabideen zerrenda eta kontaktua ere gogoratu du:

  • 112 telefonoa (24 orduz, larrialdi egoeretan)
  • 943-14 32 32 (Zumaiako Udaltzaingoa)
  • 900-84 01 11 (SATEVI, Indarkeria matxista jaso duten emakumeentzako zerbitzu espezializatua, Eusko Jaurlaritza)
  • Laguntza eta orientazioa: Zumaiako Gizarte Zerbitzuak (943-86 22 00) eta Berdintasun Saila (943-86 50 25).