Eguraldia lagun, giro paregabea izan da San Lorente auzoan

Urtzi Oteiza 2022ko abu. 10a, 16:04

Ohitura denez, San Lorentzo eguna ospatu dute Zestoako eta Zumaiako auzoan. Herritar ugari izan dira han, bai mezan, bai zezen txikiekin nahiz poniekin jolasean.

Eguraldi paregabea eta jai giro ezin hobea. Horiexek biak uztartu dira gaur goizean eta eguerdi partean Zestoako eta Zumaiako San Lorente auzoan. Abuztuaren 10a izanik, San Lorentzo eguna ospatu dute auzoan, eta ez da jenderik falta izan antolatu dituzten ekitaldietan.

Mezarekin eman diote hasiera jai egitarauari, eta ondoren, gaztetxoenek Lopene ganadutegiko zezen txikiekin jolasteko nahiz haren ponietan ibiltzeko aukera izan dute. Jan-edanerako parada ere izan dira auzora joandakoek; txakolina eta pintxoak dastatu ahal izan dituzte.