Quentin Tarantinoren bi film emango dituzte asteburuan Aita Marin

Juan Luis Romatet 2022ko abu. 12a, 08:00

Zinemagile estatubatuarraren lehen lana, Reservoir dogs, eta orain arte estreinatu duen azkena, Erase una vez en Hollywood, emango dituzte larunbatean, igandean eta astelehenean Zumaiako zinema aretoan. 

Zinemagintzak azken hamarkadetan eman duen zuzendari ezagunenetakoa da Quentin Tarantino (Knoxville, Tennessee, 1963). Mila eta bat iturritatik edan duen zinemagilea da Tarantino, eta hori hala izanda ere, aldi berean estilo propioa duen zuzendaria da Pulp Fiction edo Kill Bill filmeen egilea. 

Aurten 30 urte beteko dira bere lehen lana estreinatu zuela, ikuslegoa eta kritika zur eta lur utzi zuen Reservoir dogs mitikoa. Bere momentuan eman zen Zumaian, Ostarrenak antolatutako zine forum saioan. Asteburu honetan berriro ere pantaila handian ikusteko handia izango da Zumaian. Larunbatean 19:30ean, eta igandean eta astelehenean 17:00etan emango da Tarantinoren debuteko lana. 

Horrekin batera, orain arte estreinatu duen azken lana ere emango da Aita Mari zinema aretoan: Erase una vez en Hollywood. Leonardo DiCapriok, Brad Pittek eta Margot Robbiek antzeztutako lana 22:00etan emango da larunbatean, eta 19:30ean igandean eta astelehenean.