Geltokirako begirada etena

Imanol Azkue Ibarbia 2022ko abu. 4a, 16:00

Zumaian baditugu museoak, baina urruti edo ezkutuan geratzen zaizkit gehienak, eta barrutik ezagutu baditut ere, apenas akordatzen naizen horietan ikusitakoez, barneko edukiez; horiek baino gehiago estimatzen ditut kalean dauzkagun instalazio eta artelanak, eta ez dira gutxi, gainera. Horietatik, asko gure egunerokoan erabat integratu zaizkigu, hain ohiko bihurtu, albotik pasatzean ia ikusi ere ez ditugu egiten; akordatu ere, gehienetan ez gara akordatzen zer diren edo zertarako dauden ere, eta, batzuetan, gurekin batera hondatu dira eta galdu dute jarritakoan zeukaten indarra eta esanahia. 

Artikulu hau ekaineko Baleike aldizkarian argitaratu zen.

Kalean dauzkagun artelanetatik, kariño berezia diot Paolaldeko barran dagoen multzo eskultorikoari, oso sugerentea iruditzen zaidalako: Geltoki bat, bi aulki eta mila istorio asma ditzake tristurak, Jabier Elorriagarena (Galdakao, 1959). Bereziki gustatzen zait elementu txiki eta sinple batzuk elkarrekin erlazionatuta oso egitura potentea osatzen dutelako, material ukigarriaren mugak gaindituta, eta Joseba Sarrionandiaren Estazioko begiradak ipuin ezagunaren aipuaren izenburupean, gonbidapena da geratzeko, esertzeko, begiratzeko eta istorioak asmatzeko. Begirada… Zer gauza inportantea… Pixkanaka, ikasi dut gauzak oso ikuspegi desberdinetatik begira daitezkeela, eta nondik eta nola begiratuta, begi berberek ere desberdin ikusten dutela.

Bere garaian (1999an), Ismael Manterolak eskulturaren gaineko oso azalpen egokiak eman zituen: "Elorriagak ere memoriara jo du eta poesiara. Sarrionandia idazleak Narrazioak liburuan aipatutako zatia abiapuntutzat hartuta, ibilbide luzea proiektatzen du espazioan eta denboran: Urolako trenbidearen oroimena (garai bateko itsas portuaren bultzatzaile ekonomikoa izan zena), eta itsas muturreko hiru geldiuneko paseoa. Lehendabiziko geldiunea atsedenlekua da, okertutako itsaso horizontalaren aurrean, espazioaren logika desagerrarazten duena. Bigarrena eskulturaren unea da, esperimentazioarena, begiekin baina, batez ere, ukimenarekin  ezagutu behar duguna. Hirugarrenean, atseden hartuko dugu berriz, estazioa daukagu zain, bi aulki, bakardadean egindako bidaiaren bukaeran beste norbait topa bagenezake ere. Bukaera arraroa, itsasmuturraren norabidearen kontrakoa. Aulkitan eserita Zumaia daukagu aurrez aurre, nondik gatozen esaten  digu eta nora goazen ere, bidaiak bueltako bidea hartzeko aukera bakarra du, ez badugu bidaia arriskutsuagoan murgildu nahi, behintzat". Ismaelek dioen bezala, hiru gune nagusi ziren jarri zutenean, baina ordutik osagaiak hondatzen eta higatzen joan dira: lehen geldiunetik, paretan sartutako itsasoaren irudirik ez dago, eta aurrealdean zegoen jarlekua ere falta da, ibaiertzean; barra zaharra amaitzen zen lekuan, berriz, han dago bihotz formako mutiloi zuria, gogoa eta nahia lotzeko ezin egokiagoa; eta hirugarren gunea ere han dago, barraren amaierako balizaren azpialdeko mailan, baina jarleku bakarra (bestea falta baita) herri aldera begira, estazio baten maketatxoa alboan. Baina Ismaelek aitatzen dituen hiru geldiuneez gain, badago beste osagai bat ere, barratik kanpo: Moilaberrian, tren geltokiaren aurrealdean, marmol zurizko beste bi eserleku daude, Paolaldera begira. 

Instalazioren bidez, egileak gonbidatu egiten gaitu: eseri, begiratu, ikusi, imajinatu… Auskalo, baina agian bi edo hiru pertsona eseriko dira aldi berean marmolezko jarlekuetan, eta elkarren begiradak gurutzatu egingo dira. Erraza da jolasean sartzea, eseri eta begiratu baino ez da egin behar, eta neuk ere proba egin dut: joan naiz Paoleko balizaren azpialdeko eserlekura, jarri naiz Moilaberriko jarlekua dagoen aldera begira, norbait ote dagoen han eserita… eta ezin ikusi! Zergatik? Lehen ez bezala, orain tartean ehunka tona hormigoi gris dagoelako! Barra berritu zutenean, altuera handiagoa eman zioten lehengo barrari, eta horregatik ezin da ikusi Moilaberriko jarlekua. Begirada etenda geratu zait.

Akordatu naiz beste begirada galdu batekin. Kalean daukagun gure artelan berezienetako eta maiteenetako bat izango da Mariren bustoa, Errotako izkinan. Lehen, hortik, Mariren azpialdean jarrita, ederki ikusten zen itsasoa Santiago aldean eta erraz suma zitekeen bare edo haserre zegoen; gero, 'pasarela' eraiki zutenean, Mariri berari ere itsasoa ezkutatu zioten, eta zer esanik ez guri. Galera hura ia oharkabean pasatu zen, eta inork gutxik protestatu zuen. Gaur egun, hego haizeak orraztutakoan edo itsasoa haserre dagoenean baino ez da ikusten olatuen gandor zuria.

Eskulturako nire jarlekutik, Moilaberri aldera begira, ez nago etsitzeko. Zer egin daiteke berriz ere hemendik Moilaberriko jarlekua ikusteko, begiradak lotzeko? Aukera batzuk ikusten ditut:

  1. Badakit agian askotxo eskatzea izango dela, baina posible balitz, lehengo barraren gainean bota zituzten ehunka tona hormigoi horiek kentzea.
  2. Hori posible ez balitz, hormigoia zulatzea, zulo bat egitea alderik alde; ez handia, juxtu-juxtu begirada sartzeko eta irteteko, horixe besterik ez.
  3. Aurreko biak ezinezkoak balira, aulkia maila bat gorago igotzea, goiko balizaren ondora. Handik ederki ikusten da Moilaberriko estazioa.
  4. Eta aurreko hirurak ezinezkoak balira, lasai, utzi dena bere horretan, begirada oso estimulatzailea izanagatik, irudimena bezalakorik ez baitago, eta Sarrionandiaren ipuinean bezala, mila istorio asma ditzake tristurak, baita begiak itxita ere.