Ostiralean hasiko da 50. Dinastia Etxabe txapelketa

Juan Luis Romatet 2022ko uzt. 28a, 17:00

23 urtez azpikoen kategoriako final zortzirenetako bi partida jokatuko dira ostiralean 21:00etik aurrera Aitzuri frontoian. 

Hastera doa Dinastia Etxabe pilota txapelketaren 50. urteurreneko edizioa. Ostiralean, uztailaren 29an hasi eta abuztuaren 25era arte jokatuko dira pilota partidak Aitzuri frontoian. Jardunaldiak astelehenetan eta ostegunetan jokatuko dira, lehenengoa izan ezik, ostiralean jokatuko dena. 

Hasteko, aurreko edizioetan egin izan den bezala, 23 urtez azpikoen final zortzirenetako bi jardunaldi jokatuko dira, eta horietatik lehena bihar bertan jokatuko da, hilaren 29an, 21:00etatik aurrera. Lehen partidan, Oskoz-Javier Altuzarra eta Ariztegi-Gaizka Agirre bikoteak neurtuko dira, eta bigarrengoan Murua-Oliden eta Igoa-Lazkoz bikoteak. 

Bi partida hauetako irabazleak abuztuaren 4tik aurrera jokatuko diren final laurdenetara pasatuko dira.