Salbuespenezko espetxe politika amaitu dadin eskatuko dute hondartzetan aurten ere

Maria Maya Manterola 2022ko uzt. 27a, 15:00
Zarauzko Etxerat elkartearen agerraldia, atzo, hondartzetako mobilizazioen berri emateko. (Maria Maya Manterola)

Euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen Etxerat elkarteak abuztuaren 7an aldarria hondartzetaraino eramateko deia egin du. Zumaiako, Getariako eta Zarauzko herritarrek Zarauzko hondartzako mobilizazioan parte hartuko dute, atzo herri horretako Etxeratek iragarritakoaren arabera.

Presoek "ezohiko egoeran, isolamenduan eta etxeetatik urrun" 30 urte daramatzatela, eta, salbuespenezko espetxe politikaren ondorioak senideek pairatzen dituztela salatzeko, hondartzetan mobilizazioak deitu ditu Etxerat elkarteak abuztuaren 7rako. Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko hainbat hondartzetara eramango dituzte aldarriak, tartean, Zarauzkora. Hain zuzen, Zumaiako, Getariako eta Zarauzko bizilagunak gonbidatu dituzte Zarauzko mobilizazioan parte hartzera. 

Ekimena iragartzeko agerraldia egin zuen atzo Zarauzko Etxeratek Musika plazan. Azaldu zuten egoera hori zuzenean jasaten dutela senideek, beren bizitza arriskuan jartzen dutela, eta horren erakusle direla errepideetako istripuen ondorioz izandako zaurituak eta hildakoak. 

Gogorarazi zuten, bestalde, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hemeretzi preso daudela gaur gaurkoz. Era berean, aipatu zuten 70 urtetik gorako zazpi eta 65etik gorako hamar euskal preso daudela. Erbesteratu eta deportatuen egoera ere izan zuten hizketagai –24 eta zortzi dira, hurrenez hurren–, eta horien itzulera errazteaz aritu ziren. Kondenaren hiru laurdenak bete dituzten presoak, Etxeraten datuen arabera, 52 dira, eta gainera, Espainian dauden 50 presori baino gehiagori ez zaie Frantzian egindako kondenaren denbora zenbatu. Guztira, 182 preso daude, 54 Espainian eta 17 Frantzian, eta lege arrunta aplikatuz, 151 kalera atera beharko lirateke, Etxeraten arabera. 

Horregatik guztiagatik Euskal Herriko gizarteari mobilizatzeko deia egin diete. Abuztuaren 7an Zumaia, Getaria eta Zarauzko herritarrak 12:00etan Musika plazan elkartuko dira, eta handik joko dute hondartzara, euskal presoak "etxean eta bizirik nahi dituztela" aldarrikatzera.