Errioko hiru bainu eremuak balizatu dituzte gaur

Juan Luis Romatet 2022ko uzt. 26a, 14:58
Argazkia: Onintza Lete Arrieta

Arranpla inguruko, Moilaberriko zubiko eta itsas kiroldegi inguruko bainu eremuak buia horien bidez seinaleztatu ditu gaur udalak. 

Ibaian ontzien joan-etorri handia izaten da. Aldi berean, herritar asko bainatzen itsasgorarekin Urolaren itsasadarrean. Erabiltzaile guztien segurtasuna bermatu nahian, eta ezbeharrak saihesteko helburuarekin, errioan hiru bainu eremu balizatu ditu udalak. Gaur goizean jarri dituzte eremu horiek mugatzen dituen hori koloreko buiak. 

Hala, hemendik aurrera hiru gune horietan bainatu ahal izango dute herritarrek zein bisitariek. Horrez gain, udalak gogoratu du debekatuta dagoela ibaia alde batetik bestera zeharkatzea, eta bainatzeko eremuak errespetatu egin beharko direla. Ibaian nabegatu nahi dutenek beti ere eskuineko aldetik joan behar dutela ere aipagarria da: piraguek, batelek, belaontziek, ontzi guztiek.

Gomendio zerrenda bat ere plazaratu dute, eta eskuorri batean bildu dituzte horiek guztiak. 

Gomendioak
  1. Gogoan izan sen onak eta gizalegeak izan behar dutela nagusi
  2. Norbere mugak ezagutu behar dira. Ez sartu uretan hasiberria bazara eta ibaiko baldintzak oso txarrak badira (korronteak, objektu arriskutsuak...)
  3. Debekatuta dago pantalanetatik bainu-eremura sartzea
  4. Bainua baimenduta dagoen eremuetan, itsasadarrera sartzeko egokitutako arrapalak erabili behar dira, eta arreta berezia jarri behar da eremu horretan dauden bainulariekin
  5. Itsas kiroldegiaren gunea: arraun eta piraguismo-kluben ontzien sarbide-eremua libre utzi beharko da segurtasunagatik
  6. Santiagotxikiko padura: Ezin da padura barrura sartu, ezta bertan kirola egin ere. Hegaztientzako atseden-gunea da, Natura 2000 Sareko eremua (BBE-KBE)
  7. Basazpia padura (Usurbiribillaga uharteak): Kirola egiteko kanala Basusta mendiaren aldekoa da. Errioaren beste aldea, Sanmigelazpia, babestutako eremua da (BBE-KBE)
  8. Portu-bideek eta nabigazio-kanalak beti libre egon behar dute
  9. Kirol jarduerak. Itsasadarra edozein kirol-jardueratarako erabiltzen bada, beti eskuinaldetik egitea gomendatzen da, martxaren noranzkoan, eta ibaian gora, betiere ikusmena nabarmentzeko elementuekin (buiak, txalekoak, etab.) erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.