Bosgarren postuak lortu dituzte Delteco Zumaiako traineruek, gizonetan zein emakumeetan

Juan Luis Romatet 2022ko uzt. 23a, 19:40
Gizonen ontzia, Elantxobeko estropadan.

ETE eta KAE 1 ligetako estropadak jokatu dira gaur, biak ere erlojuaren aurkakoak. Emakumeek Errenterian izan dute estropada; gizonek, berriz, Trintxerpen. 

Oiartzun ibaian jokatu da eguerdian ETE ligako estropada, Errenteriako Hiria Emakumeen Traineru Elkarteko Liga IV. Ikurriña. Erlojupean aritu dira liga honetan lehiatzen ari diren bederatzi ontziak, bi txandatan banatuta. 

Delteco Zumaia bigarren txandan aritu da, Ondarroa, Deusto, Hondarribia eta Hibaikarekin batera. Bere txandako laugarren denborarik onena egin du Telmo Deunek –11:13,62–, bandera irabazi duen Hibaika, Deusto eta Hondarribiaren atzetik. Estropadako sailkapenean, baina, bosgarren egin du Zumaiak, lehen txandan aritu den Zarautzek 31 ehuneko gutxiago behar izan dituelako lana bukatzeko. 

Hemen ikus daitezke gaurko estropadako denborak. Ligako sailkapenean laugarren postuan jarraitzen du Zumaiak, 47 punturekin. Sailkapeneko buruan 64 puntura berdinduta daude gaur egun lider den Hondarribia eta bigarren den Hibaika. 

Kilometro gutxira jokatu da arratsaldean KAE 1 ligako estropada, Pasaiako XXXVII. Ikurriña. Eguerdikoa bezala, hau ere erlojupeko estropada izan da. Parte hartzaileak bi txandatan banatu dituzte. Delteco Zumaia lehen txandan aritu da Busturialdea, Orio, Camargo, Deusto eta Castrorekin batera. Telmo Deunek lan bikaina egin du gaur eta bere txandako denbora onena egin du –20:41,03–. Bigarren txandan aritu diren Zarautzek eta Hondarribiak baino denbora hobea egin du Zumaiak, eta estropadako sailkapenean bosgarren egin du. 

Pasaiako estropadako denborak hemen ikus daitezke. KAE 1 ligako sailkapen orokorrean zazpigarren postuan da Zumaia, 45 punturekin, seigarren den Hondarribiarengandik puntu bakarrera.

Datorren astean izango dituzte Delteco Zumaiako ontziek hurrengo estropadak. Camargon izango dituzte biek ere hitzorduak, larunbatean, uztailaren 30ean: emakumeak Camargo Hiriko bigarren banderan lehiatuko dira 17:15etik aurrera, eta gizonak 18:00etan Camargo Hiriko XXX. banderan.