Dendak kalera aterako dituzte larunbatean

Maria Maya Manterola 2022ko uzt. 20a, 12:00

Hemezortzi saltokiren postuak izango dira Erribera kalean egun osoan zehar. Haurrei zuzenduriko tailerrak zein trikitilariak izango dira azoka girotzeko.

Braderie eguna ospatuko du larunbatean, hilak 23, Gertu merkatarien eta ostalarien elkarteak. Goizeko 10:00etatik 20:00ak bitarte, Erribera kaleko eta beste auzoetatik etorritako saltokiek karpak eta mahaiak ipiniko dituzte kalean beren produktuak saltzeko.

Guztira, hemezortzi dira azokan parte hartuko duten establezimenduak: Egoki, Blue Nails, Algorri taberna, Gee Man, Gee Woman, Ane Arribas, Mandala, Odriozola, Kaïoa, Txea, Atalaia, Amalur, Sorginak, Marisa, Olaizola, Ana arropa, Pauma eta Flysch Aitzi.

Kalea girotzeko, gainera, haurrentzako tailerrak eta aurpegi margoketa izango dira 11:30ean eta trikitilariak 12:00etan. Arratsaldean, berriz, Iago magoaren saioaz gozatu ahal izango dute herritarrek 17:30ean, eta eguna behar bezala amaitzeko, Zumba ibiltaria egingo dute 18:30ean.

Erosketak egiten dituzten herritarren artean, gainera, 400 euro zozkatuko ditu Gertuk erosketa bonotan.