Irailaren 30era arte aurkez daitezke ipuinak Julene Azpeitia literatur lehiaketan

Maria Maya Manterola 2022ko uzt. 20a, 09:40
Julene Azpeitia literatur lehiaketako sari banaketa baten artxiboko irudia.

Abian da euskarazko literatur sorkuntzak bultzatu asmoz antolatzen duten lehiaketaren 35. edizioa. Udalak iragarri du lanak irailaren 30era jasoko dituztela udaletxean bertan nahiz posta elektronikoz, eta lehiaketaren oinarrien berri ere eman du.

Dagoeneko zabaldu dute Julene Azpeitia ipuin lehiaketaren 35. edizioan lanak aurkezteko epea. Euskarazko literatur sorkuntza bultzatu asmoz antolatu du beste urte batez Zumaiako Udalak, eta lehiaketaren oinarrien berri ere eman du. 

Idatziaren gaia librea izango da, eta euskara hutsean sortu beharko dute parte hartzaileek. Aurrez argitaratu gabeko lanak jasoko dituzte, gutxienez ere 6 orrikoak. Irailaren 30era bitarte, Zumaiako udaletxean bertan edo euskara@zumaia.eus helbidera idatzita bidal daitezke ipuinak.

Onartua izateko, beharrezkoa izango da agerian izenburua bakarrik eramatea, eta idazlearen izena ezin izango da inon aipatu. Idazlanarekin batera, gutunazal itxi bat bidali beharko da kanpoaldean idazlanaren izenburua jarrita eta barrualdean, berriz, egilearen izen-abizenak, telefonoa, helbide elektronikoa eta NAN agiriaren kopia. Helbidera idazten dutenen kasuan, egilearen izen-abizenak, telefonoa, helbide elektronikoa eta NAN agiriaren fotokopia bidali beharko dira lanarekin batera. Epaimahaiko idazkariak izango du lan irabazleak ebatzi arte datuok gordetzeko ardura.

Epaimahaiak hiru sari banatuko ditu. Lehenengoari 3.000 euroko ordainsaria emango diote, bigarrenari 1.500 eurokoa, eta hirugarrenak 1.000 euro jasoko ditu.