Erretratua

Ibon Uranga, ikasgaiak kazuela artean

Juan Luis Romatet 2022ko uzt. 10a, 09:00
Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo

Sukaldaria eta sukaldarien irakasle. Ibon Uranga Larrañagak Madrilen ikasi zuen ofizioa, eta urte askoan Etxe Ona jatetxean lan egin ondoren, 1990eko hamarkada amaieran sukaldaritzako irakasle bihurtu zen. 2007tik egiten du lan Leioako Ostalaritza Eskolan. Irailean egiten den Olarro Eguneko sortzaile eta antolatzaileetako bat ere bada.

Maiatzeko aldizkarian argitaratutako erretratua da hau.

Txikia zenetik ibili da Ibon Uranga (Zumaia, 1963) sukaldaritza munduan. 7 urte zituela zabaldu zuten bere gurasoek Etxe Ona jatetxea Zumaian, Axular ibiltokian –gaur egun Bidabeazpiko etxebizitzak dauden lekuan–, eta ume bat besterik ez zela ere sukaldean bueltaka ibiltzen zela du gogoan. “Etxean beti sukaldean sartuta nengoen. Etxe Onatik sukaldari asko pasatu ziren, eta harreman ona nuen haiekin. Gure ama ere sukaldari ona zen, Getariako amona ere sukaldaria izan zen, eta esan daiteke bide bati jarraipena eman niola”.

Prestutasuna eta kazuelen artean mugitzeko abilezia nabarituko zioten gurasoek Ibon gazteari. Sukaldaritza ikasi nahi ote zuen galdetu ziotenean, baiezkoa eman eta 14 urte besterik ez zituela maletak egin eta Espainiako hiriburura joan zen ikastera. “1978an joan nintzen Madrilera, eta bost urtez egon nintzen bertan ikasten, 1983ra arte. Garai hartan Madrilen zegoen Espainiako sukaldaritza eskola bakarra, eta orduko sukaldari mitikoak hango irakasleak ziren. Han egoteko zortea izan nuen”, dio.

Bost urtek askorako ematen dute, eta Madrilgo Casa de Campon kokatutako eskolan denetarik ikasi zuela dio. “Normalean patatak zuritzen hasten zinen, eta bosgarren urtean jatetxea kudeatzen. Errezetak egiten edota kartako jakiak prestatzen ikasten zenuen”. Sortu zuen lehen errezeta zein izan zen ez du gogoan, “baina bai lehen egun hartan bi zaku patata zuritu nituela!”.

Ikasi bakarrik ez, lagun onak egiteko aukera ere izan zuen Urangak Madrilen. “Lagun oso onak egin nituen han, eta orduko bi lagun Olarro Egunean etortzen dira Zumaiara laguntzera. Garai hartan elkar ezagutu genuen sei edo zazpi lagun urtean bitan-edo elkartzen gara oraindik ere”.

Sukaldaritza eskolan ikasitakoa familiako jatetxean praktikan jartzen zuen Urangak asteburuetan etxera bueltatzen zenean. Etxe Onak sona handia zuen garai hartan. “Zumaia ez zen oso herri turistikoa, baina bazuen bere xarma, eta beti etortzen ziren eibartarrak, madrildarrak, Zaragozakoak… Etxe Onan ezkontza asko izaten ziren, bankete asko, baina baita kontzertuak terrazan ere. Denetarik egin behar izaten genuen, eta goizean irekitzen genuenetik gauean itxi arte egiten genuen lan; behin sukaldea ixten genuenean, barran lan egin behar izaten genuen. Lehen hala izaten zen”.

30 urteko bidea egin zuen Etxe Ona jatetxeak, 1970ean ireki zutenetik 2000. urtean saldu zuten arte. Jatetxearekin jarraitzeko proposamena ere izan zuen esku artean Urangak, baina uko egin zion. “Sukaldaritzan nagoenetik izan dudan presio une handiena izango zen. Jatetxe bat eramatea gauza handia da, eta familia baduzu oraindik eta gehiago. Ostalaritza eta familia uztartzea oso zaila da: familiarekin egon nahi duzu, lagunekin ere bai, eta gauza desberdinak egiteko gogoa ere izaten duzu. Ordurako irakaskuntza probatuta nuen, eskaintzari uko egin, eta hezkuntzaren bidea hartzea erabaki nuen”.

1989an egin zuen Urangak lehen saiakera irakasle bezala. “Parisen nengoen gure aitaren lehengusu baten jatetxean lanean. Han nengoela lagun batek deitu zidan Santo Domingo de la Calzadako (Errioxa) sukaldaritza eskolan lan egin nahiko ote nuen galdezka. Irtenbide bat zen, zerbait berria egiteko aukera, eta baiezkoa eman nion”. Hiru urtez aritu zen eskola horretan lanean, “nekatu nintzen arte. Irakasle izateari utzi nion, eta etxera bueltatu nintzen lanera”. Esperientzia, ordea, ez zen txarra izango, urte batzuk geroago berreskuratu zuen eta. “Sukaldari bezala badakizu eguna noiz hasiko duzun, baina ez noiz bukatuko den. 1992an ezkondu nintzen eta umeak izan genituen. 1997an hezkuntzara bueltatu nintzen, eta asteburuetan etxera itzultzen nintzen jatetxean lan egitera. 2000. urtean saldu genuen Etxe Ona, eta ordutik irakasle nabil”. 1999an oposizioak gainditu zituen, eta Santo Domingo de la Calzadan eta Llanesen, Asturiasen, aritu ondoren, 2007. urtetik Leioan (Bizkaia) ematen ditu klaseak.

Urtero 550 ikasle izaten dituzte Leioako Ostalaritza Eskolan. Azken urteotan fama handia hartu duten telebistako sukaldaritza saioek mesede handia egin dietela dio Urangak. “Jende askok ezagutu du sukaldaritza saio horien bitartez. Gure eskolan gazte askok probatzen dute, nahiz eta gero batzuek utzi egiten duten”. Sei urteko karreran ikasleek denetarik ikasi behar dutela dio. “Niri sukaldari bezala bigarren platerak egitea gustatu izan zait beti; arraina, gehienbat. Baina irakasle nagoenetik denetik egin dut: lehen platerak egiten irakatsi dut, bigarren platerak, erosketak egiten ere ibili naiz, gozogintzan ere bai urte askoan, eta orain haragi tailerreko arduraduna naiz. Dena egitea ere polita da, aberasgarria da, bestela aspergarria izango litzateke. Hainbeste urteren ondoren esperientzia hartzen duzu, eta hori ikasleek eskertzen dute”.

 Uranga damu da, ordea, Gipuzkoan sukaldaritza eskola publikorik ez dagoelako. “Bizkaian bi dituzte eta Araban bat. Gipuzkoar batek ez al du eskubiderik bere lurraldean sukaldaritza ikasteko?”. Basque Culinary Centerrek, ordea, Gipuzkoan du egoitza. Urangak ez zuen hasieran BCCren izaera ondo ulertzen: “Ez zitzaidan ondo iruditzen erakunde publikoek dirua jartzea, eta gero haren kudeaketa erakunde pribatu bati ematea, Mondragon Unibertsitateari, alegia”. Hala ere, denentzat lekua dagoela uste du. “Ikusten dut BBCk bere bezeroak dituela, eta guk gureak; osagarriak direla beraiek ematen dutena eta guk ematen duguna”.

Sukaldaritza klaseak ematen ditu, baina bere egunerokoan, lanean zein etxean, sukaldeetatik kanpo egoten dela dio. “Niri sukaldean ibiltzea asko gustatzen zait, baina onartu behar dut etxean emazteak kozinatzen duela. Batik bat elkartean aritzen naiz; urte askoan elkartean bazkaldu izan dugu familian”. Olarro Eguneko edo Euskal Jai Eguneko herri bazkariak prestatzeko lanetan ere aritu da Uranga urte hauetan guztietan. Ehunka lagunentzako janaria prestatzeak beldurrik ez omen dio ematen. “Lagunekin banago ez dut beldurrik izaten; bakarrik egongo banintz, desberdina izango litzateke”.

 Olarro Eguneko sortzaileetako bat ere bada Ibon Uranga, Agustin Larrañaga, Inaxio Oliden eta Joxe Mari Elustondorekin batera. “2003an Erdi Aroko azoka bat egin zen Zumaian, eta postu bat jarri genuen laurok; frantziskotarrez jantzita, egun osoan egon ginen lanean. Afaltzean berotu egin ginen: Mutrikun berdel eguna badute, Getarian antxoarena, Orion bisiguarena, eta gu olagarroak izanda, Zumaian olagarro eguna antolatu behar zela pentsatu genuen”. Proposamena aurkeztu zuten Udalean, baita hark onartu ere. Hor hasi ziren komeriak laukotearentzat. “Ez genekien nola antolatu behar genuen, zer egin behar zen, zenbat olagarro erosi behar zen. Egia esan, paginas amarillasa ireki eta olagarroa saltzen zuten enpresetara deika hasi ginen. Ni orduan Llanesen nengoen irakasle, eta hitz egin nuen enpresari esan nion olagarroa hara eraman beharko zuela. Llaneseko ikasleekin aritu nintzen olagarro brotxetak prestatzen”. Lehen urte hura zoramena izan zela dio, eta haren ondoren aldaketak proposatu zituzten. “Olarro Egunak arrakasta badu da herriko elkarteei parte hartzera gonbidatu zaielako. Lana egin nahi duen guztiarentzat zabalik dago, eta hori da Olarro Egunaren arrakasta”.

  • Adina: 58 urte.
  • Ikasketak: Ostalaritza eta turismoko goi mailako teknikaria.
  • Zer jaki duzu gogokoen? Denetik jaten dut, nahiz eta arraina dudan gustukoen. Hala ere, ez naiz oso kritikoa ere. Pentsatzen dut egun txar bat denok izan dezakegula, eta agian denbora batean ez, baina berriro joango naiz leku horretara.
  • Lana bukatzen duzunean zer egitea duzu gustukoen? Ibiltzea gustatzen zait, eta orain gutxi deskubritu dut egur taila. Asko gustatu zait, eta arratsalde asko egurra lantzen pasatzen ditut. Erlaxatu egiten nau eta egur puska batetik zerbait ateratzen dela ikustea ere gauza handia da.