Hirugarren eta zortzigarren egin dute Zumaiako traineruek Castro Urdialeseko estropadan

Maria Maya Manterola 2022ko uzt. 2a, 20:30

Castroko Banderaren lehian izan dira Delteco Zumaiako bi traineruak, eta hirugarren postuan sailkatu dira emakumezkoak, Hibaikaren eta Hondarribiaren atzetik. Elantxoben izango dute estropada bihar.

KAE1 ligako hirugarren eta ETE ligako laugarren jardunaldiak jokatu dira gaur Castro Urdialesen, eta bertan izan dira Zumaiako traineruak ere. 

ETE ligako jardunaldia jokatu da lehendabizi, eta bi txandatan jokatu dute estropada bederatzi ontzik. Delteco Zumaiari bigarren txandan aritzea egokitu zaio, eta hirugarren postuan sailkatu dira zumaiarrak Hibaikaren eta Hondarribiaren atzetik. 

Hemen ikus daitezke Castro Urdialeseko emakumezkoen estropadaren denborak. Sailkapen orokorrean laugarren da Zumaia.

KAE1 ligan, hiru txandatan aritu dira estropadan parte hartu duten hamabi ontziak. Lehenengo txandan aritu dira zumaiarrak. Camargo, Busturialdea eta Oriorekin batera aritu dira Telmo Deuneko arraunlariak, eta bigarren egin dute beren txandan, Camargo baino zazpi segundo beranduago helmugaratuta. Castroko Banderaren sailkapenean, ordea, zortzigarren egin du Zumaiak, lehenengo postuan sailkatu den Sanpedrotarra ontzia baino 39 segundo gehiagorekin. 

Hemen ikus daitezke Castro Urdialeseko gizonezkoen estropadaren denborak. Sailkapen orokorrean da hamargarren Delteco Zumaia.

Bihar Elantxobeko XXXIV. Traineru Estropadan izango dira Zumaiako arraunlariak.