[GUTUNA] Haurren futboleko ordutegiaren antolaketaren harira

Nerea Etxarri Ubeda 2022ko uzt. 2a, 15:00

Herritar batek ondorengo idatzia helarazi dio BALEIKEri.

Orain dela egun batzuk jaso genuen Zumaiako gurasook hurrengo ikasturterako prestatutako futbol ordutegi-antolaketa koadroa. Berriro ere, taulak mutilen taldeentzako genero erreferentziarik egiten ez duen bitartean, nesken taldeentzat aldiz NSK adierazlea dakar.

Iaz, koadro honen harira nire iritzia lagun talde bati plazaratu nion eta gure artean hautsak harrotu zituen eztabaidak piztu ziren.
 
Ezer baino lehen azpimarratu nahiko nuke Zumaian eragile sozial, kultural eta kirol arlokoek egiten duten lanaren balioa, gehienetan boluntario gisara, musutruk orduak eta burukominak pilatuz, behar besteko aitortza publikorik jaso gabe. Nire eskerrak eta miresmen osoa dute egiten duten lanagatik. Idatzi honek ez du inor seinalatzeko edo mintzeko inongo asmorik, inork ez beza norabide horretan ulertu. Eskutitz honen xedea, gure lagun arteko eztabaida hura plaza publikora ekartzeaz gain, gaiarekiko kontzientzia hartze bat sortzea litzateke. 
 
Aurten jasotako futbol entrenamenduetako antolaketa koadroa iazkoaren antzekoa da, beste behin. Eta hor dago gakoa, aldaketa eza horretan eta errealitate horrek suposatzen duen egonkortzean. Berriro ere, “mutilak” genero neutroa izaten jarraitzen du, orokorra dena eta “neskak” aldiz, genero periferikoa, zehaztu beharrekoa. Baten batek, generoaren erreferentzia soilik nesken taldeetan bakarrik egiteak txikikeria bat dela esan dezake, baina, nire ustez ez da horrela. Neskak beharrean taldeak bereizteko “normala edo gehiengoa” dena bazterrean dagoenetik bereizteko beste izendazte batzuk jarriko balira, adibidez: bertakoak vs kanpotarrak (xenofobia), edo zuriak vs beltzak (arrazakeria)… honek bai asaldatuko lituzke gehiengo handi bat, ziur. Horregatik, “txikikeritzat” edo “normaltzat” jotzen ditugun horietan arreta jartzeak badu bere garrantzia. 
 
Komunikabideetako publizitate subliminalak egiten duen moduan, mezua kontzientziaren atalasaren azpitik transmititzen delako, horrela mezuak hartzailearen nahiean eta pentsamoldean eragitea lortzen du, baina eragin horretaz jabetu gabe. Gure eguneroko bizitzetan berdintasunaren helburuaren aurka doazen mezuak edonon aurkitu ditzakegu eta askotaz ez gara kontziente, normaltasunak, ezikusiak, ohiturek edota erosotasunak ez baitizkigute betaurreko zaharrak berriengatik aldatzen uzten. 
 
Orain arte soilik mutilentzako izan den futbolaren espazio pribilejiatu hori partekatu eta lehentasun horiek aldatzeak, ezin du izan soilik hutsuneak betetzeko ariketa bat. Kanpoan egon diren horiek bazterretatik erdigunera ekartzeko prozesu oso bat behar du izan eta aldaketa sakonak eskatzen duen ariketa bat da hori. Ez espedientea betetzeko ariketa huts bat. Eta aukerak egon badira, genero bereizketarik gabeko taldeei izenak jarriz adibidez.
 
Itzurungo hondartza milaka ondar alez osatuta dagoen bezala, kirola eta kultura, gure hondartza legez, milioika ekintza txikiz eratuta dago. Baina norantza egokian pilatutako ale ñimino guztien baturak gizarte ezberdin bat eraiki dezake, bazterketak eraldatu ditzakeena. Denon esku dago ale berri bat jartzea. Betaurreko zaharrak alde batean utzi eta ikuspuntu berriak aztertu ditzagun, deserosotasunetik, gure seme-alabek merezi dute eta.