Oztoporik ez abstrakziorako

Juan Luis Romatet 2022ko eka. 30a, 09:14

Oztopoak gainditzen izeneko erakusketa zabaldu du Aizpea Larrañagak bere jaioterrian, Alondegiko Oxford aretoan. Lan abstraktuez osatutako bilduma da.

Aizpea Larrañaga Arrizabalagak (Zumaia, 1972) pasa den ostiralean zabaldu zuen erakusketa Oxford aretoan. Oztopoak gainditzenizena jarri dio erakusgai jarri duen lan bildumari. Lehen aldiz erakutsiko ditu bere margoak jaioterrian, eta alde horretatik urduri zegoela ere azaldu zuen erakusketaren ateak zabaldu aurretik.

Margoekin aritzea zaletasuna duela dio Larrañagak, ez lanbide. "Unibertsitate batzuen partzuergo batentzat egiten dut lan, eta bulegoa EHUn daukat. Beraz, ez, ez da nere lanbidea. Gainera ez dut uste lanbide bezala onartuko nuenik ere, ezingo bainuke eginbeharrak bultzatuta margotu. Barruak hala eskatzen didanean bakarrik margotzen dut. Batzuetan hilabeteak pasatu ditzaket margotu gabe eta beste batzuetan, berriz, hilabetean pare koadro egiten ditut", dio margolariak.

Orain zazpi urte hasi zen koadroak margotzen eta aspalditik zuen gogoari ateak irekitzen. "Hiru ume ditut eta ia koskortuta zeudenez, denbora libre dezente nuen. Beti izan nuen margotzen hasteko gogoa, baina ordura arte ez nuen denborarik izan", dio Larrañagak. Bere kasa hasi zen pintzelekin eta oihalekin lanean, zer aterako zen kuriositatearekin. "Horrela hasi nintzen, etxeko sukaldean, eta oraindik ere hala jarraitzen dut".

Margotzea momentuaz gozatzeko aukera bezala ikusten du. "Musika ere oso gogoko dut, eta margotzen dudanean biak batera erabiltzen ditut; plazera iruditzen zait. Orduak eta orduak pasatu ditzaket biez batera gozatzen", dio artistak. Emaitzari garrantzi handirik ez diola ematen ere gaineratu du. "Emaitzak ez dit inoiz axola izan. Niretzat beti nahikoa izan da nire gustukoa izatea; barrutik ateratzen zaidana margotzen dut, gaizki edo ondo dagoen kezkatu gabe. Presio hori gabe momentuaz gehiago gozatzen dela iruditzen zait", azaldu du Larrañagak.

Barrutik ateratzen dena

Ez du inoiz erreferenterik izan, baina badaude gustukoak dituen margolari batzuk, Mark Rothko, Gerhard Richter eta Jackson Pollock, esaterako. Bere lanak abstrakzioan murgiltzen dira. "Koadro figuratiboak ez zaizkit normalean gustatzen. Hala ere, ez da hori izan margo abstraktuak pintatzeko arrazoia", dio. Musika entzunaz mundu honetatik deskonektatu eta barrutik irteten zaiona margotzen du. Gehiegi pentsatu gabe, ateratzen denari hurrengo egunetan begirada bat botatzen dio eta gustukoa izan ala ez, horren arabera gainetik berriro margotzen ditu. Denborarekin, sortzen dituen koadroak desberdinak direla atzeman omen du. "Tarteka, gauza desberdinak egiteko gogoa etortzen zait. Azken finean, denborarekin gustukoena dudan horretan gehiago zentratu naiz".

Barrutik sortzen diren lanak izanik, unean uneko egoera animikoak izango ote du haren lanean eraginik? Hala dela dio, bereziki margotzen hasi zenean. "Egoerak koloreetan eta itxuran eragina izaten zuen. Egia da aspaldian askoz lasaiago nabilela eta garbiago dudala zer kolorerekin sentitzen naizen erosoena". Kolore okreak maite ditu. "Horiekin izugarri gozatzen dut. Askotan, urdina erabiltzen dudanean ere, beti dago okre koloreko zertzeladaren bat". Beste kolore batzuek, aldiz, ez dute lekurik haren margoetan: "Morea duen koadrorik ez duzu ikusiko. More kolorea gustatzen zait, baina ez naiz eroso sentitzen kolore horrekin lan egiten", dio artistak.

Kontzienteki ez du helburu edo intentzio berezirik azaldu nahi bere lanetan. " Ez dudanez besteentzat margotzen, ez dago benetako helburu edo intentzio kontzienterik.Egia da koadro batzuekin esan didatela barne emozioak antzematen direla. Ez dakit. Koadro abstraktuekin gertatzen den bezala, beti irakurketa desberdinak egongo dira ikusleen begiradaren arabera".

Gustuko lanak

Lanak jendaurrean erakusteko aukerak izan ditu, eta oro har "oso erantzun ona" jaso duela dio Larrañagak. "Merezi ez ditudan laudorioak entzun ditut, baina bai, jendeari asko gustatzen zaizkio nire lanak eta nire intentzioa hori ez bada ere, jadanik koadro dezente saldu ditut. Eskatutako batzuk ere egin izan ditut. Horiekin era kontzienteagoan pintatzen dut; azken finean, neurriak eta koadroa joango den ingurunearen araberako koloreak erabiltzen baititut".

Erakusketa uztailaren 10era arte egongo da zabalik Alondegiko Oxford aretoan, astegubetan 18:30etik 20:30era eta asteburu eta jaiegunetan baita 12:30etik 14:00etara ere.