Bainua debekatu dute Santiago hondartzan eta ibaian

Juan Luis Romatet 2022ko eka. 28a, 12:25

Bandera gorria Santiago hondartzan. Argazkia: Gonzalo Torre.

Bainua debekatzen duen bandera gorria igo dute gaur Santiago hondartzan. Ibaian bainatzea ere debekatu du Osasun Sailak araudian ezarritako kalitate-irizpide mikrobiologikoak puntualki ez betetzeagatik. 

Santiago hondartzako uretan E. coli bakteriaren onartutako muga gainditu dela ondorioztatu du Osasun Sailak egindako ur analisian. Hori dela eta, Osasun Sailak berak emandako irizpideei jarraiki, bainua eta uretako bestelako jarduerak debekatuta egongo dira Santiagon eta Urolaren itsasadarrean uraren kalitatea hobetu bitartean.

Egingo den beste analisi baten emaitzak izango ditu ostegunean Osasun Sailak, eta haren arabera jakingo da Santiagoko eta errioko uraren kalitatea bainua baimentzeko modukoa den.