Abian da Zumaiako negozioen eskaintza biltzen duen Zumaian Bai erakusleiho digitala

Maria Maya Manterola 2022ko eka. 3a, 13:00
Zumaiako Udaleko, Gertuko eta Dendartean elkarteko ordezkariak, kanpainaren aurkezpenean. (Maria Maya Manterola)

Ataria iaz sortu zuten, eta negozioen digitalizazioa bultzatzen aritu dira ordutik. Herriko 200 saltokitik gora biltzen ditu orain, eta plataforma ezagutzera emateko, komunikazio kanpaina abiatu dute.

Zumaiako Udalak eta Gertu merkatari eta ostalarien elkarteak zumaianbai.eus erakusleiho digitala aurkeztu zuten iaz. Herriko merkatari, ostalari eta zerbitzuen informazioa biltzen aritu dira ordutik, eta orain, ataria bera ezagutarazteko komunikazio kanpaina jarri dute martxan. 

Herriko 200 saltoki baino gehiago biltzen ditu, eta zuzenean edo online eros daitezkeen 2.000 produktutik gora daude ikusgai. Saltokien inguruko informazioa kontsultatzeaz gain, Whatsapp aplikazioaren bidez eskaerak ere egin ahal izango dira atariaren bitartez. 

Ezagutzera emateko, Instagram eta Facebook sare sozialetan profilak zabaldu dituzte –@ZumaianBai.eus izenarekin aurkitu ahal izango dira–. Sare sozialen erabilera sustatzeko, gainera, zozketak eta sariak ere eskainiko dituzte. 

Webgunean parte hartzen ez duten saltokiek oraindik bat egiteko aukera dutela nabarmendu nahi izan dute. Horretarako, info@zumaianbai.eus helbidera idatzi, 638 004 576 telefono zenbakira deitu edo Turismo Bulegora jo daiteke.