Denboraren orratzak berritzen

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 31a, 19:00

Donostiako Artzain Onaren Katedraleko erlojua aritu dira zaharberritzen Yeregui Elkarteko kideak Lasaon duten lokalean. Ondo bidean, pare bat hilabete barru itzuliko dute bere tokira.

Erlojuak aurki daitezke nonahi Yeregui Elkarteak Lasaon (Azpeitia-Zestoa) erabiltzen duen lokalean. Batzuk txikiak, handiagoak beste batzuk, baita mahai oso bat behar dutenak ere bere makineria osoa hartzeko. Azken horietako bat da elkarteko kideek zaharberritu duten azken erlojua; Donostiako Artzain Onaren Katedralekoa, hain zuzen ere. Orain hiruzpalau urte jaso zuen elkarteak erlojua zaharberritzeko enkargoa, eta lanak amaituta, ondo bidean, pare bat hilabete barru bueltatuko dute berriro bere jatorrizko kokalekura.

Donostiako Artzain Ona parrokia soila zenean enkargatu zioten Benito Yeregui erlojugileari elizarako erloju bat. Horrek Paul Odobey frantziarrari egin zion enkargoa. "Piezaka ekarri zuten, eta Yereguik hemen muntatu zuen. Guztira, 3.970 pezeta kostatu zen erlojua", dio Xabier Alvarez Yereguik, Benitoren birbilobak eta Yeregui elkarteko buruak. Eliza 1897. urtean inauguratu zutenean erlojua martxan zela dio zaharberritzaileak.

Lehen hamarkadetan Donostiko tenpluko dorrearen behealdean kokatu zuten erlojua. 1949. urtean, ordea, parrokia izatetik katedralera igo zutenean, erlojua ere dorrearen goiko gela batera eraman zuten, esferak aurkitzen diren lekura, hain zuzen ere. Urte hartan bertan aprobetxatu zuten lehen berritze lanak egiteko; Miranda Ebroko (Espainia) etxe batek egin zituen zaharberritze lanak, eta fin-fin eman zituen orduak eta kanpaikadak orain berrogei bat urtera arte. Alvarezen esanetan, azken lau hamarkadetan erlojua geldirik egon da. Garai hartan erloju automatikoa jarri zuten, eta dorreko lau esfera bakoitzaren atzealdean itsatsitako moto txikiei esker jakin izan dute donostiarrek unetik unera zer ordu zen.

Aurretik beste zaharberritze lan batzuk eginda dituela jakitun, Yeregui elkarteak orain hiruzpalau urte jaso zuen katedralako erlojua zaharberritzeko enkargoa. "Bertako deana, Koldo Apestegi zumaiarra, etorri zitzaigun, eta esan zigun ea erlojua dorretik jaitsi, zaharberritu eta bere lekura itzuliko genuen", du gogoan deanaren herrikide Alvarezek. Begoña Arruti, Juan Mari Elosua, Tomas Bergara Etxabe eta Alvarez beraren artean zaharberritu dute.

Hala aritu dira azken pare bat urteotan lanean Lasaoko lokalean. "Garbitu ondoren, martxan jarri genuen. Akats batzuk zituen, baina ikusi genuen sistema asko ukitu gabe posible izango zela berriro erabilgarri izatea".

Automata programatzaile baten bidez martxan izan zuten erlojua bost bat hilabetez. "Hor ikusi genuen zehaztatsun aldetik nahiko ondo zihoala; astean bospasei segundoko aldea besterik ez zuen. Aldaketa txiki horiek eginda kanpaikadak ondo ematen zituela konturatu ginen".

355.000 kanpaikada urtean

Erlojua fin zebilela ziurtatuta, desmuntatu, piezak banan-banan garbitu eta berriro muntatu zuten XIX. mende amaierako makineria.

Alvarezen esanetan, erloju oso berezia da Odobey frantziarrak egindakoa. Izan ere, urtean 355.000 kanpaikada inguru ematen ditu. "Ordua ematen du, baita ordu hori errepikatu ere. Laurdenetan ere kanpaia jotzen du, eta erdira heltzerakoan lehenbizi erdia dela adierazten duten kanpaikada txikiak jotzen ditu, eta gero berriro ordua ematen du. Hau da, 19:30ak direnean, lehenbizi erdia dela adierazteko kanpaikada laburrak joko ditu, eta ondoren ordua adierazteko zazpi kanpaikadak". Horrela, urte osoan.

Donostiako katedraleko erlojua berritzeko lanak amaituta dituzte, eta espero dute hemendik pare bat hilabetera itzuliko dutela bere etxera. "Hasieran tenpluko kapera batean gordeko dute bospasei hilabetez, eta gero espero da bere kokalekura eramatea. Gero, zalantzak dituzte ea martxan jarriko duten bisitariei erakusteko, edo orduak emateko erabiliko duten", dio Alvarezek.

Benito Yeregui erlojugilearen oinordekoarentzako "ohorea" izan da XIX. mendeko makina zaharra berritzea. "Birraitonak muntatutako erlojua zaharberritzeko gai garela erakutsi dugu; ondarea den makina berreskuratuta eta martxan jarrita".