Berdintasunaren inguruko kezkak eta beharrak identifikatzeko saioa izango da datorren asteartean

Maria Maya Manterola 2022ko mai. 28a, 09:00
II. Berdintasun Plana osatzeko egindako saio irekiaren artxiboko irudia.

Udalak urte amaierarako onartu nahi du IV. Berdintasun Plana, eta plana osatzeko bide horretan, herritarren iritziak bildu nahi ditu egoeraren diagnostikoa egiteko.

IV. Berdintasun Plana osatzeko lanetan ari da udala. Izan ere, plan berria urtea amaitu aurretik onartu nahi dute, eta Maider Alberdin Berdintasun zinegotziaren esanetan, esperientziak jaso, eta mugimendu zein elkarteen iritziak bildu ondoren garatu nahi dute plana. 

Berdintasun gaietan zeresana izan dezaketen eragileak elkarrizketatu ditu udalak otsailetik hona, Elhuyar erakundearen laguntzarekin. Udal teknikariak, Ludotekako eta Gazteguneko hezitzaileak, LGTBI lanketa egiten ari den Eihera kooperatibako teknikariak eta landa eremuko emakumeak, besteak beste. Ekarpen horiekin egin dute diagnosiaren lehen zirriborroa, eta hori osatzeko asmoz bildu nahi dituzte orain herritarren iritziak. Bilkura datorren asteartean izango da, hilak 31, 18:00etan Emakumeon* Etxean.

Iritziak bildu, helburuak zehazteko

Ekainean amaituko da egungo egoeraren diagnosia egiteko fasea, eta gero, irailetik abendura bitartean, helburuak eta neurriak landuko dituzte, horiek guztiak IV. Berdintasun Planean txertatuz. 

Alberdiren hitzetan, plana errealista, gertukoa, eraginkorra izatea nahi dute, udaleko eta udalerriko beharretara egokituta. Plana parte hartze prozesu baten bitartez garatuko dute, eta horretarako, saio irekiak egingo dituzte Berdintasun Foroko, Emakumeon* Etxeko, mugimendu feministako, eta beste hainbat kolektiboetako kideekin batera. Udal langileek eta ordezkari politikoek ere parte hartuko dute planaren osaketan. Prozesuetan jarri nahi dute indarra, Eli Etxabeguren Elhuyar erakundeko teknikariaren hitzetan.