Greba eguna dute Galvanizados Olaizola enpresan

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 27a, 13:00
Langileak enpresa aurrean. Argazkia: ELA sindikatua

Galvanizados Olaizola enpresako langileek lehen greba eguna dute gaur. Produkzioa eten eta kalera atera dira Gipuzkoako metalaren hitzarmenak jasotzen duen soldata igoera eskatzeko. 

Ostiral honetan eta, egoera konpontzen ez bada, datozen bi ostiraletan greba egitea erabaki zuen Galvanizados Olaizola enpresako langileen batzarrak pasa den astean. Gipuzkoako metalaren hitzarmena aintzat hartzea, eta hark jasotzen duen soldata igoera aplikatzea eskatu dute langileek.

Greba deitu duen ELA Sindikatuak jakitera eman duenez, enpresako hitzarmena pasa den urte amaieran bukatu zen, eta ordutik ez da aplikatu lurralde mailako metalaren hitzarmenik. Haren arabera, %6,5eko igoera aplikatu beharko litzaieke soldatei, baina sindikatuak salatu du enpresak uko egin diola eskaera horri. "Egoera enkistatuta dagoela ikusita, greba egitea erabaki zuten langileek", azaldu du ELAko ordezkari batek. Gaineratu du enpresako langile guztiek egin dutela bat deialdiarekin. 

Hitzarmenak jasotzen duen soldata igoeraz gain, urteetan lortutako baldintzak eta onurak mantentzea, eta Aldi Baterako Laneko Enpresen (ABLE) bidez Galvanizados Olaizolan ari diren langileen "egoera prekarioa" hobetzea ere eskatzen dute. Gaur egun, Txikierdin kokatuta dagoen enpresa honek 44 langile ditu, sindikatuaren arabera. "Horiei ABLEetatik kontratatutako beste 12-14 gehitu behar zaizkie, eta langile horiek enpresako langile bihurtzea ere eskatzen dugu", gaineratu dute.