Umeen duatloia egingo dute bihar Alai auzategian

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 21a, 13:00
2019an egin zen haurren azken duatloia.

Pandemiak behartutako etenaldiaren ondoren, bueltan da Zumaiako Triatloi Taldeak antolatzen duen Umeen duatloia. Kirol jarduera honen seigarren edizioa bihar egingo da, ohi bezala, Alai auzategian. 

Haurrak eta gaztetxoak kirol honetara hurreratzeko helburuarekin antolatu du triatloi taldeak bihar goizeko 11:30etik aurrera egingo den jarduera hau. Benjamin, kimu eta infantil mailako gaztetxoek hartu ahal izango dute parte.

Benjaminek egin beharreko lana hau izango da: 250 metro korrika, 1.000 metro bizikletan eta 125 metro korrika; kimuek, berriz, 500 metro egingo dituzte korrika, bi kilometro bizikletan, eta 250 metro korrika; amaitzeko, infantilek 1.000 metro egingo dituzte korrika, lau kilometro bizikletan, eta azken 500 metroak korrika. Ibilbidearen gehiengoa erritmo kontrolatuan egingo dela azaldu dute antolatzaileek.

Izen ematea zabalik izan da astean zehar. Baina, oraindik dortsalik geratzen bada, behintzat, egunean bertan izena emateko aukera izango dute interesdunek irteera puntuan, 10:45etik 11:15era bitartean.