"Jokalariak oso animatuta daude, mailaz igo daitezkeela sinesten dute"

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 20a, 08:47

Ohorezko Erregional mailara igotzeko play offa jokatuko du datozen bi larunbatetan Zumaiako Futbol Taldeko gizonezkoen lehen taldeak. Lagun Onak izango dute aurkari zumaiarrek. Jokalariak itxaropentsu daudela azaldu du Zumaiakoko presidente Peio Balenciagak norgehiagokaren atarian.

Zumaiako lehena izan da Gorengo mailako bere multzoan, eta beste multzoko bigarren sailkatuaren aurka jokatuko du Ohorezko Erregional mailara igotzeko play offa. Azpeitiko Lagun Onak taldea izango du aurkari. Lehen partida bihar jokatuko dute, larunbatean, 17:00etatik aurrera Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian. Itzulerako partida hurrengo larunbatean, hilaren 28an, jokatuko dute Aita Mari futbol zelaian, ordu berean. Joan-etorriko hau irabazten duena mailaz igoko da. 

Zumaiakoren gizonezkoen lehen taldeak egindako denboraldiaren eta play offera begira dituzten sentsazioen inguruan hitz egin dugu Zumaiako presidente Peio Balenciagarekin.

Nolako denboraldia izan da?
Ez da denboraldi erraza izan, baina nahiko ondo ibili gara. Gure gorabeherak izan ditugu lesioekin, baina denboraldia ondo joan zaigu. Denboraldi honetan aurreko bietako lanaren emaitza jasotzen ari gara. Ez da aurten sortutako taldea. Gainera, garai txarrak bizi behar izan ditugu: pandemia zela eta ez zela, gure kategoriako taldeek ezin genuen jokatu; gurea baino mailako taldeak bai, haiek ari ziren jokatzen. Egoera horretan, gure jokalariek deiak-eta izan zituzten beste talde batzuetara joateko jokatzera. Hor momentu oso txarrak pasatu genituen, jendea galtzeko aukerak handiak genituelako. Baina, bat egin genuen denok, eta horri esker mantendu dugu jokalari multzoa.

Igoera erdiestea izan al da denboraldi honetako helburua?
Orain hiru urte zuzendaritzan sartu ginenetik izan dugun helburua hori izan da. Orain hiru urte sartu ginen Zumaiakoren zuzendaritzan, eta nahi izan dugu kategoria edo adin tarte bakoitzean bi talde izan: prefentean, jubeniletan, kadetetan, infantiletan, bi talde izatea, alegia. Eta hala ditugu mutilen kategoria guztietan. Beste helburua zen mailaz igotzea. Falta zaiguna da senior mailan goiko kategorian egotea, Zarautz dagoen bezala. Guretzako garrantzitsua da Zarautz dagoen kategorian egotea, jokalari beraientzako karamelua delako. Maila berean egonda, jokalariak esan dezake bere herriko taldean jarraituko duela. 

Beraz, orain hiru urte jarritako helburuak betetzeko aukerak badituzue.
Bai, aukera handiak daude, eta horregatik gaude dezenteko ilusioarekin. Igotzea lortuko dugula pentsatzen dugu.

Kategoria bakoitzean bi talde izateak badu garrantzia. Lehen, jubeniletan bukatzen zutenean eta goiko taldera pasatzen zinenean jokalari askoz zaharragoekin jokatu behar izaten zuten. Jubenil askok pentsatzen zuten jokatzeko aukera handirik ez zutela izango. Orain goian ere bigarren talde bat dago, eta hor badute jubenilek jokatzeko aukera. Gainera, seniorretako bigarren talde hau ere dezente laguntzen ari zaio lehenengoari. Lesioak-eta izan direnean bigarren taldeko jokalariekin kontatu ahal izan dugu.

Bi partida jokatu behar dituzue. Nolakoak izango direla pentsatzen duzu?
Nahiko potenteak izango dira, eta berdintasun handikoak. Lagun Onakek bigarren postuan bukatu du, eta emaitza hori lortu badu zerbaitengatik izango zen. Gure multzoko Antiguokoren pare bukatu du, beraz, ez da edonor. Lagun Onakek aukeratu du belarreko zelaian jokatzea, Garmendipen. Gu ez gaude belarretan jokatzera ohituta [belar artifizialeko zelaia da Aita Mari], eta horrek arazo bat sortuko digu. Bergarari eskatu diogu ea uzten digun beraien futbol zelaia, belarrezkoa, bertan entrenamendu batzuk egiteko. Azken bi ostegunetan han entrenatu dugu, jokalari beraiek belarretara ohitzeko. Belarrezko zelaia desberdina da, jendea gehiago nekatzen da, eta ohitu egin behar da. 

Jokalariak beraiek nola ikusten dituzu?
Oso animatuta. Sartuta daude, eta sinestu egiten dute helburua lortu dezaketela. 

Zaletuen bultzada ere garrantzitsua izango da.
Azpeitira bi autobus eramango ditugu larunbatean. Lehentasuna izan du klubeko jendeak: jokalarien gurasoek, kadeteek, jubenilek… Zumaiakoren kamiseta janzten dutenek. Gero, lineako autobusak ere badaude, eta izango da jendea kotxez joango dena ere. Taldeari bultzada ematera animatu nahi ditugu herritarrak.

Zuzendaritzarentzako ere berezia izango da.
Bai, bai. Aste honetan bilerak egin ditugu, mezuak bidaltzen ibili gara, autobus bat jarri, bi. Orain hiru urte proposatu genuena da hau, eta ea lortzen dugun.