Etxebizitza turistikoak arautzeko proposamena aurkeztu die udalak herritarrei

Mireia Galarza Bastida 2022ko mai. 19a, 09:00

Atzoko aurkezpeneko irudia. (Mireia Galarza Bastida)

Proposamenen artean daude atari bakoitzeko etxebizitza turistiko bakarra egotea eta herri osoan dauden plaza kopuruak mugatzea. Erdigunean arreta berezia jarri nahi du udalak. 

Pare bat urteko prozesuaren ostean, atzo arratsaldean aurkeztu zuen Zumaiako Udalak etxebizitza turistikoak arautzeko proposamena. Hiritik At enpresako kideak arduratu ziren azalpenak sakon emateaz, baina Alex Oliden Turismo zinegotziak hartu zuen hitza lehenengo. Bere esanetan, herriko hainbat eragilek parte hartu dute prozesuan, eta iritzi kontrajarriak egon arren, bukaerako emaitza "proposamen egokiena" dela iruditzen zaie, "adostasun maila handiena" lortu duena baita. Gaineratu du proposamena ez dela berehala sartuko indarrean, eta prozesuak zehaztapenak izan ditzakela.

Zumaiako Etxebizitza Planaren helburuen artean daude, besteak beste, etxebizitzarako eskubidea ziurtatzea, hiri ingurumen eta kultura ondarearen babesa bermatzea, biztanleria mugikorraren eragin negatiboak kontrolatzea edo herritarren arteko bizikidetza zaintzea.  

Hiritik At enpresako kideek eman zituzten datuen arabera, Zumaian 4.717 etxebizitza daude, eta horietatik 44 agertzen dira Erkidegoko erregistroan etxebizitza turistiko bezala, 198 plazarekin. Datuak datu, eta prozesuan elkarrizketatutako udal teknikarien, etxebizitza turistikoen jabeen nahiz Etxebizitza Asanbladako kideen iritziak entzun ondoren, ondorioztatu dute "Zumaiako arazo nagusia ez dela etxebizitza turistikoena", baina "beharrezkoa" dela hori erregulatzea, besteak beste, "iraupen luzeko alokairuak ez egotearen arazoa" murriztuko bailuke. 

Bestalde, azaldu zuten "modu egokian" dauden lizentziak atzera ez botatzea izan zela elkarrizketetako beste ondorio bat, eta "jarduera ekonomiko" moduan hartzen direnez, etxebizitza turistikoak hirugarren sektoreko erabilerarekin arautuko direla. Erdiguneko etxebizitzei "arreta berezia" jartzea ere beharrezkoa dela adierazi zuten Hiritik Ateko kideek herriko eragileak entzun ondoren.

Proposamena

Hori horrela izanda, etxebizitza turistikoen kasuan, etxebizitza libreetan kokatu ahalko dira soilik; ezingo du inork modu iraunkor eta egonkorrean bizi bertan; gehienez zortzi plaza eskaini ahalko dituzte bakoitzean jabeek, betiere etxearen tamainaren arabera; eta ezingo da atari bakoitzean etxebizitza turistiko bat baino gehiago egon. Bestelako negozioak dauden etxebizitza blokeen kasuan, ezingo da hirugarren sektorera bideratu eraikigarritasun fisiko osoaren %30a baino gehiago.

Logela turistikoei dagokionez, ezartzen diren gutxienezko azalerak bete beharko dituzte jabeek: 25 m2 pertsona batentzat bada, 33 m2 bi lagunentzat bada eta 15 m2 pertsonako, hiru pertsona edo gehiagorentzat bada. Gehienez hiru pieza eskaini ahal izango dira etxeko, eta jardueraren titularraren ohiko bizileku iraunkorra izan beharko du etxebizitzak.

                         

                                                                                      Gorriz, erdigunea deritzotena. 

Apartamentu turistikoak, aldiz, ezingo dira behe solairutan ezarri eta sarrera independentea izan beharko dute. Landetxe- eta nezakal-turismoei dagokionez, bakoitzak bere partzela propioa izan beharko du. 

"Orotara, erabilera turistikorako etxebizitza nahiz logelen plaza kopurua 250era mugatzea da asmoa, horietatik 150 erdigunean. Egun 198 plaza erabileran daude, horietatik 131 erdigunean", adierazi dute Hiritik At kooperatibako kideek. Lizentziak "agortuta", zerrenda bat egitea aurreikusten du udalak, eskaera hurrenkerak errespetatzeko.