Geologoa artaldearen gidari

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 15a, 09:00

Geologian lizentziatua, institutuko irakaslea eta artzaina. Hirurak pertsona berean. Josu Aizpuruak (Zumaia, 1971) betetzen ditu hiru baldintza hauek: geologia eta biologia ikasgaiak irakasten dizkie DBHko ikasleei Trintxerpen, eta, aldi berean, artalde bat du Zumaian, San Martin baserrian. (Erreportaje hau apirileko Baleike aldizkarian argitaratu genuen).

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Sekula baino azkarrago doan mundu globalizatu eta hiperteknologiko honetan artzain izatea beste garai bateko lanbidea bezala ikus daiteke; belaunaldiz belaunaldi, gurasoengandik seme-alabengana pasatzen den lanbidea ez bada, zerbait anakronikoa bezala ikus daiteke artzain nahi izatea. Badago, ordea, artzain izatea aukeratzen duen jendea ere. Norabide jakinik gabe doan mundu honetan stop botoiari eman eta lanbide hori ikasi eta praktikara eramatea aukeratzen dute. Josu Aizpurua da horietako bat. Berrogei bat ardiko artaldea bildu du azken urteotan San Martin baserrian. Oraindik ere irakaskuntza munduan jarraitzeko asmoa du Aizpuruak, baina denbora eta pasioa ardiei eskaintzen dizkie.

Baina nola bilakatzen da irakasle bat artzain? Natur zientziak betidanik gustatu izan zaizkiola dio Aizpuruak, baserriko sukaldean egindako elkarrizketan. “Natur zientziaren arloan gehiago erakarri naute animaliek eta landareek”, dio baserri bertako sagarrekin ekoiztutako sagardo botila argazkilariarekin eta kazetariarekin partekatzen duen bitartean. Intxaurrak ere ez dira falta berriketa saio honetan. Elkarrizketako une batean osaba Joxe Manuel sartu da sukaldean; harentzat ere mokadu bat jateko unea heldu da. 

Mundu mailako interesgune bihurtu da Zumaia geologoentzat. Makina bat zientzialari etorri da Zumaiara azken hamarkadatan, baina aurretik ere, Josu txikia zenean, “tipo arraroak” etortzen zirela du gogoan Aizpuruak. “Hor ibiltzen ziren harriak begiratzen eta neurketak egiten. Algorrin ikusten nituen, Elorriaga azpian ere ibiltzen ziren, mailuekin eta brujulekin. Tipo arraro haiek kuriositate pixka bat piztu zidaten. Gero jakin nuen geologia zertaz zihoan, eta zerbait ikasteko gogoa izan nuenean, geologia aukeratu nuen. Aitziber arrebak Biologia aukeratu zuen, eta nik Geologia”, dio. Unibertsitateko ikasketak hasi aurretik, bi urtez, Lanbide Heziketa ere ikasi zuela dio Aizpuruak.

Geologia karrera amaitu bai, baina geologo lanetan ez dela aritu dio. “Karrera bukatzen duzunean pixka bat noraezean egoten zara. Agian nik ez nuen abildade hori izan garai hartan inon muturra sartzeko. Ingurugiro teknikari kurtso bat ere egin nuen urte batean, baina geologo ardurak hor geratu ziren. Hala ere, ikaslagunek eta irakasleek egiten dutena jarraitzen dut. Interesa beti izan dut, baina mundu horretan aktibo egoteko inplikazio handiagoa behar da, eta bizitzak, azkenean, beste leku batzuetara eramaten zaitu”.

Ikasketak amaituta, eta Lanbide Heziketako tituluaz baliatuta, Egurko enpresan aritu zen lanean. “Hiru bat urte egin nituen, eta oroitzapen onak ditut”. Garai hartan bertan irakaskuntzan lan egiteko interesa ere izan zuen. “Zerrendetan apuntatu nintzen, eta hasieran Lanbide Heziketako irakasle moduan egin nuen lan, tailerreko gaiak-eta erakusten. Baina gero, Geologia ikasi nuenez, biologia-geologiako klaseak emateko apuntatu nintzen. Institutu denetan ematen da, eta klaseak emateko aukera sortu zitzaidan. Ordezkapenak egiten ibili naiz ordutik”. 2000. urtetik dabil irakasle, eta “energia asko” behar dela dio. “Ikasleekin energia pila bat gastatzen da, eta ez da erraza”. Gaur egun Txintxerpen egiten du lan, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleekin.

Irakasle zela, urtebeteko eszedentzia hartu zuen artzain izateko. “Arantzazuko Artzain Eskolan egon nintzen ikasten”. Natur zientziak eta ekologia betidanik interesatu zaizkiola dio Aizpuruak. “Horren barruan badaude lurraldea kudeatzeko era desberdinak: oso intentsiboak izan daitezke batzuk, hemen inguruko esne behiekin gertatzen den bezala, kasik industriala dena; edo, askatasun handiagoa ematen dutenak, eta lurra hainbeste kaltetzen ez dutenak. Ardiak dira horiek; ardiek aukera handiak ematen dituzte: udan mendira eraman ditzakezu, adibidez; ez da baserriaren ondoan lokalizatutako jarduera bat”. Animalia bezala ere manipulatzeko errazagoa dela dio Aizpuruak. Topikotik aldenduta –ardi denak berdinak dira eta haien antzera portatzen gara gizaki batzuk ere–, ardi bakoitzak bere izaera duela uste du Aizpuruak. “Animaliarekin asko egoten bazara, haiek ere badakite nolakoa zaren, eta zuk ere bai animalia bakoitza nolakoa den. Badirudi klonak direla, denak berdinak direla, baina bakoitzak bere izaera du. Badira elkarrekin egon ezin duten ardiak, haserre egoten direnak, kasurik egiten ez dutenak…, denetik dago, gizakiokin gertatzen den bezala”. 

Artaldea San Martin baserrian

San Martin baserrian makina bat denbora pasatutakoa da Josu Aizpurua. “Baserria familiakoa da, eta hemen txiki-txikitatik ibili naiz. Aitak ekartzen gintuen hona. Hasieran ez genuen ezer egiten; jolasean ibiltzen ginen, baina gerora lagundu behar izaten genuen; laguntzera beti etorri gara hona. Orain lauzpabost urte osabari galdetu nion ea ardi batzuk ekartzerik izango nuen; baimena eman zidan eta halaxe hasi nintzen. Orain 39 ardi eta ahari bat ditut –arkumeak ez ditut kontatzen–. Gaur egun hainbesterako lekua daukat hemen”. 

Artalde bat izateak lana dakar, eta ia egunero igotzen da Aizpurua baserrira animaliak zaintzera. “Ardiek beraien zikloa izaten dute. Arkumea urtean behin izaten dute, eta jaiotzen direnetik sei hilabetean egoten dira esnea ematen. Denbora horretan, egunero etorri behar da”. Elkarrizketa egin genuen garaian ardiak erditzen ari ziren. Egun horretan bertan, goizeko 6etan igo zen baserrira, ardi bat umetzen ari zelako. “Ukuiluan kamera bat dut eta mugikorraren bitartez ikusi dut erditzen ari zela”. Arkume bakarra ez, bi izan zituen ardi horrek, bikiak. Jaio eta hamabi ordura tente-tente zeuden bi arkumeak amaren alboan, bisitariei begira. Egun gutxira dozena bat arkume jaioberri zituen Aizpuruak San Martinen. “Orain bi aldiz etortzen naiz; lo egitera barrura sartzen ditut, eta jateko ere ematen diet. Gero, begiratu behar da ea arkumeek esnea ondo hartzen duten. Hori ere mundu bat da; batzuk ez dute lehenengoan esnea hartzen; bikiak direnean, agian amak bakarrari emango dio esnea, eta beste arkumea arbuiatu egingo du. Orduan, ardia eutsi behar duzu arkume horrek esnea har dezan. Badaude, baita ere, arkumea onartzen ez duten ardiak ere. Niri, zorionez, ez zait halakorik gertatu”. 

Lehen hilabete horietan ardia jaitsi beharrik ez dagoela dio Aizpuruak, arkumeek hartzen dutelako esne guztia. Amarekin bi hilabete eta erdiz edo hiru hilabetez edukitzen dituela dio. Hor hautaketa bat egiten du: emeak hazteko gordetzen ditu, eta harrak hiltegira eramaten ditu, jateko. Hilabete horien ondoren, esnea gazta edo mamia egiteko erabiltzen duela azaldu du.

Orain bi urte hasi zen Aizpurua gazta egiten. Lehen txanda hartan hamasei gazte egin zituela dio, “eta denak onak atera ziren. Egunero zazpi bat litro esne biltzen nituen, eta bi egunetik behin gazta bat egiten nuen”. Baserrian hutsik zegoen gela bat erabili zuen horretarako. “Frigorifiko zahar bat zegoen, eta ondo kontserbatu ziren han. Kameran hezetasuna eta tenperatura egonkorra mantentzen baduzu, prozesua bakarrik egiten da. Azken finean, gaztak behar duena tenperatura egonkorra da. Gazta bizirik dagoen zerbait da, denborarekin aldatzen joaten dena”. Ekoiztutako hamasei gazta haiek familian eta lagun artean kontsumitu zirela dio. “Ezin dituzu edozer modura saldu, osasun neurriak gorde behar dira”. Lan hori egin izanak asebete egin zuela ere gaineratu du.

Iaz, ordea, ez zuen gaztarik egin, “lan handia delako. Bestela ere nahikoa lan nuen; arrebari galdetu nion ea lagunduko zidan, eta hark ere lan dezente zuenez, ez genuen egin. Ardi esnea izoztu egin nuen, eta mamia egiteko erabili nuen. Familia mamia jan eta mamia jan aritu zen”. Aurten gaztarik egingo ote duen galdetuta, zalantza duela dio; gogoa bai, baina lan handia dela azpimarratu du. 

San Martinera egindako bigarren bisita honetan jezle batekin ari zen esnea biltzen, printzipioz, izozteko. Bost bat litro bildu ditu oraingo honetan; marmita batean sartu, eta hozkailuan sartu du berehala. Makina, berriz, lautan garbitu du: bitan ur hotzarekin, eta beste bi ur beroarekin eta xaboi pixka batekin. Esnea biltzen duen bakoitzean garbitu behar da makina, hodien barruan geratzen den esne apurra ez lehortzeko. 

Irakasle edo artzain?

Etorkizunera begira ez du irakaskuntza utzi eta artzaintzari eguneko 24 orduak emateko asmorik. “Buruan gauza asko ditut; ardiekin segitzeko asmoa badut, baina nola, hori beste gauza bat da. Irakaskuntza uztea ez dut planteatu ere egiten, hileroko nomina galduko nuke-eta. Bestela, diru hori nola osatuko dut? Ardiek ez dute dirurik ematen. Irakaskuntzan, lekuaren arabera, gustura ibiltzen naiz, eta azken bi urteotan lanaldi erdian egon naiz. Horri esker zaindu ditut ardiak. Irakaskuntza utzi eta artzaintzara dedikatzea apustu fuertea izango litzateke. Agian jubilatu eta gero hasiko naiz zerbait egiten. Orain muturra sartzen ari naiz, baina pixkanaka… pixkanaka…”. 

Eguzkia ezkutatzen ari da, eta hego haizeak gogor jotzen du. Ardiak ukuiluan gordeta daude, eta txakurrak inguruan bueltaka, laztanen zain. Sagardo pixka bat bat edan, eta berriro lanera, beti dago eta zer egina baserri batean.