Partaidetzazko aurrekontuen fase berrian proposamenak lehenetsiko dituzte

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 12a, 15:30

Lehen fasean 281 proposamen jaso dituzte, eta horietatik 156 aztertuko dituzte herritarrek bigarren fasean. Proposamenak lehenesteko hiru bilera deitu dituzte maiatza eta ekaina artean.

Herritarrek 500.000 eurorekin Zumaian zer egingo zuten galdetu zuen udalak iragan martxoan egindako galdetegi batean, 2023 eta 2024 urteetako udal aurrekontuetan herritarren ideiak eta proposamenak txertatzeko asmoarekin. Guztira, 281 proposamen jaso zituzten. Arrazoi desberdinengatik (udal eskumenekoak ez direlako, edota aurreikusitako aurrekontua gainditzen dutelako, esaterako) ia erdiak baztertu zituzten, eta 156 pasatu dira partaidetzazko aurrekontuen bigarren fasera. Maiatzaren amaieran ekingo diote fase berri honi. 

Proposamen hauek lehenesteko asmoz, hiru bilera egingo dira maiatzaren amaiera eta ekaina hasieran. Helburua, hirugarren fasera pasatuko diren 60 proposamen lehenestea izango dela azaldu dute gaur udaletxean egindako agerraldian. Bertan parte hartu zuten Maider Alberdi Partaidetza zinegotziak, Ainhoa Illarramendi EAJko zinegotziak, Karmele Gomez Berdintasun teknikariak eta Nerea Aramendia, prozesu hau gidatzen ari den Aztiker ikerguneko teknikariak. 

Aipatu bilerak maiatzaren 25ean eta ekainaren 1ean eta 8an egingo dira udaletxeko pleno aretoan, 18:00etan. Bilera hauetan herritar orok parte hartzeko aukera izango dutela azaldu zuten agerraldian; ez da aurrez izena eman beharrik izango. Lehen fasean parte hartu duten herritar eta eragile guztiak gonbidatu ditu udalak bilera hauetan parte hartzera, baita orain arte prozesuko partaide izan ez direnak ere. 

Saio bakoitzean 50 proposamen inguru baloratuko dituzte parte hartzaileek, eta horietatik 20 pasatuko dira partaidetza prozesu honetako hirugarren fasera, 60 proposamen guztira. Aramendiak esandakoaren arabera, leheneste ariketa egiteko zenbait irizpide izango dituzte parte hartzaileek. Irizpide horiek ausaz hautatutako zazpi herritarrek, udalean ordezkaritza politikoa duten hiru alderdietako ordezkari banak eta teknikari batek osatutako Berme taldeak adostu ditu.

Lan saioak bukatzean, udal teknikariek aztertu eta baloratuko dituzte hirugarren fasera pasatutako proposamenak. Amaitzeko, irailean herritarrek bozkatuko dituzte aurrekontuetan txertatuko diren proposamenak.