Adinekoei zuzendutako egitaraua prestatu dute Nagusien Mahaiak eta udalak

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 6a, 14:26
Ezkerretik eskuinera: Felix Idigoras (Beheko Plaza), Pili Alberdi (Udal Gizarte Zerbitzuetako arduraduna), Luis Mari Alkorta (Beheko Plaza), Jose Javier Murciano (Nagusien Mahaia) eta IƱaki Ostolaza (Zumaiako Alkatea).

Zumaia nagusiekin nagusientzat ekitaldi sortaren barruan hitzaldiak, tailerrak eta jokoak egingo dira maiatzean eta ekainean zehar. Branka eraikina ezagutzeko ate irekien jardunaldia ere egingo da, eta 90 urteko herritarrak ere omenduko dituzte. 

Nagusiei zuzendutako ekitaldi sorta prestatu dute Nagusien Mahaiak eta Zumaiako Udalak maiatza eta ekainerako. Hitzaldiak, tailerrak eta jokoak antolatu dituzte hurrenez hurren.

Herriko nagusiek musika hizpide duen tailer batean parte hartzeko aukera izango dute. Maiatzaren 17an izango da, asteartea, 11:30etik 12:30era, eta parte hartzaileek "musika bizipenetik musika gozatzeko" aukera izango dute. Zumaiako Musika eta Dantza Eskolako irakasleek gidatuko dute tailerra. Ekimen bera beste bi egunetan ere errepikatuko da: maiatzaren 24an eta ekainaren 9an, hain zuzen ere.

Hitzaldiak ere programatu dituzte ekintza sorta honen barruan. Lehen hitzaldia maiatzaren 18an izango da, asteazkenean. Iban Barba Zumaiako udaltzainburuak lapurreta eta iruzurren aurrean nola jokatu behar den azalduko die. Hitzaldi hau Alondegiko Oxford aretoan izango da. Bigarren hitzaldia maiatzaren 21ean izango da, asteartean, Branka eraikinean. Helena Albizu mediko eta nutrizionista izango da hizlaria, eta digestio arazoak hobetzeko eta dieta osasungarri bat izateko aholkuak emango dizkie bertaratzen direnei. 

Jokoak Hogarrean

Hitzaldietan eta tailerretan parte hartzea bakarrik ez, Zumaiako nagusiek jokorako aukera ere izango dute bi hilabete hauetan zehar. Maiatzaren 30etik ekainaren 2ra bitartean mahai joko, toka eta igela txapelketa egingo dute Hogarrean, egunero 17:00etatik aurrera.Ekainaren 3an, ostirala, egingo dute sari banaketa ekitaldia, gizarte zentroan bertan, 18:30etik aurrera. Jarraian, jokalari guztiek zein bertaratzen diren nagusiek askaria egingo dute. 

Txapelketan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da, 943-86 27 41 telefono zenbakira deituta, edo behekoplaza1@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

Omenaldia 90 urtekoei

Aurten 90 urte bete edo beteko dituzten herritarrak ere omenduko dituzte. Ekainaren 5ean egingo da ekitaldia. Lehenbizi, goizeko 11:00etan meza izango da Beheko Plaza abesbatzak abestutakoa. Ondoren, 12:30ean egingo da omenaldiko ekitaldia Hogarrean. Hogarrean. Nagusien Mahaiko, Beheko Plaza elkarteko eta Udaleko ordezkariek parte hartuko dute ekitaldia horretan. 

Ate irekiak Brankan

Nagusien Mahaiak eta udalak prestatutako programa honen barruan, ekainaren 14an, Branka eraikinean eskaintzen diren zerbitzuak ezagutzeko ate irekien jardunaldia egingo da. Gizarte Zerbitzuen bulegoak, eguneko zentroa edota apartamentu tutelatuak biltzen ditu eraikin horrek, eta 18:00etatik aurrera ezagutzeko aukera izango da.  

Urte osoko programazioa

Nagusiek nagusientzako prestatzen dituzten ekintzak ez dira bi hilabete hauetara mugatzen; urte osoko programa dutela nabarmendu nahi izan dute. Hala, asteazkenero, Tipi tapa programaren barruan ordubeteko ibilaldiak egiten dituzte. Bestelako programaka ere izaten dituzte. Hala nola, memoria lantzeko tailerra –irailean abiatuko da berriro–, edota Itsasargia zerbitzua. Gainera, KZGunean doako informatika ikastaroetan parte hartzeko aukera ere badute.

Nagusien mahaia

2012. urtean sortu zuten Nagusien Mahaia, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikariekin elkarlanean. Adinekoen beharrak identifikatu eta horiek erantzutea du helburu espazio honek. Herri mailan, nagusien inguruan landu daitezkeen gaiak aztertu, baloratu, proposatu eta bideratzen dituzte bertan, proiektu eta programak elkarrekin bultzatuz.

Egun, Beheko plaza elkarteak, Nagusilanek, Pentsiodunen Plataformak, adinekoentzat lan egiten duten entitateek, Otezuri egoitzak, San Juan egoitzak, Osakidetzak eta Zumaiako Osasun Zentroak, zaintzaileek eta familiartekoek, udal sail desberdinetako teknikariek, eta udal ordezkariek hartzen dute parte bertan.