Trantsizio ekologikotik abiatutako artelanak erakusgai Oxford aretoan

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 5a, 08:00

Hamahiru artistak parte hartu dute Lur arrasean. Trantsizio ekosozialerako praktika artistikoak erakusketan. Maiatzaren 15era arte bisitatu daiteke.

Arteak eta trantsizio ekologikoak bat egingo dute egunotan Alondegiko Oxford aretoan bisitatu daitekeen erakusketan. Lur arrasean. Trantsizio ekosozialerako praktika artistikoak du izena erakusketa kolektiboak, eta bertan hamahiru artistaren lanak jasotzen dira, beti ere, ekologia gai hartuta.

Artekomek antolatutako erakusketa da maiatzaren 25era bitartean bisitatu ahal izango dena. Trantsizio energetikorako arte eta komunikazio proiektuaren diziplinarteko lantaldea da Artekom, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako, Gizarte Zientzia eta Komunikazioen fakultateko, eta administrazio eta zerbitzuetako langileek, ikasleek eta irakasleek osatzen dute.

Erakusketa honetan ikuspegi ezberdinak arakatu nahi izan  dituzte diziplinak uztartuta. "Horretarako, egungo kontsumo gizarteak bereak dituen eredu politiko eta ekonomikoen aurrean jarrera kritikoa erakusten du", azaldu dute antolatzaileek. Talde ariketa moduan ikus daiteke arte diziplina desberdinak erabilita osatutako erakusketa. Antolatzaileek aldarrikatu dute bere helburua dela "arrazionaltasun etikoan oinarritutako trantsizio energetikoa bultzatzeko estetika bat entseatzea". 

Era arduratsuan sortuak

Erakusketan parte hartu duten artistak dira Isabel Alvarez, Mikel Arce, Iratxe Edurne Diaz, Mikel Garate, Jose Maria Herrera, Susana Jodra, Jose Angel Lasa, Nerea Legarreta, Miriam Loidi, Cristina Miranda de Almeida, Andrea Monrocle, Josu Rekalde eta Pilar Soberon. Jasotzen diren lanak "era arduratsu eta mugatuan sortu dituztela" hitz eman diete antolatzaileei.

Ondorengo ordutegi honetan egongo izango da erakusketa kolektiboa bisitatzeko aukera: astelehenetik igandera, 18:30etik 20:30era; asteburuetako eta jaiegunetako eguerdietan ere zabalduko dituzte aretoko ateak, 12:30etik 14:00etara bitartean.