Erregularizazioaren aldeko sinadura bilketa egingo dute repetizioetan ere

Juan Luis Romatet 2022ko api. 29a, 14:01

Espainia mailan egoera irregularrean bizi diren 800.000 pertsona erregularizatzeko Legegintza Herri Ekimena martxan harri nahi dute. Ekimen hori bultzatzeko sinadura bilketa abiatu dute. Zumaian asteburu honetan ere sinadurak biltzen arituko dira.

Malen Etxea elkarteko kideak dabiltza sinadura hauek jasotzen Urola Kosta mailan. Pasa den asteburuan Erribera kalean jarri zuten mahaia, eta asteburu honetan ere, santelmoen repetizioetan, bilketarekin jarraituko dute. 

Elkarteak esku artean dituen datuen arabera, 800.000 pertsona daude Espainia mailan egoera irregularrean, etorkinak, baina baita Espainian jaiotako adingabekoak ere. Horien erregularizazioa bultzatu nahian, Legegintza Herri Ekimena bultzatu nahi dute. Uda amaierara arte arituko dira sinadurak biltzen, eta irailean Madrilen aurkeztuko dituzte.

"Milaka langileren eta umeen egoera normalizatu nahi dug. Kontutan hartu behar da 150.000 haur daudela paperik gabe Espainian. Horrek dakarrena da, nahiz eta Espainian jaio izan, 18 urtera heltzen direnean, lan edo hezkuntza aldetik izan ditzaketen garapen aukera guztiak mozten zaizkiela".

Helburu hori lortzeko herritarrei laguntza eskatzen diete: "Ezagutzen gaituzte, zaintzan aritzen garen emakume etorkinak gara; lanean gabiltza hainbat eta hainbat urtean herri honi ekarpena egiten", azaldu zuen Silvia Carrizok, Malen Etxea elkarteko kideak. 

Santelmoen lehen asteburuan egin bezala, repetizioetan ere mahaia jarriko dute Malen Etxekoek Erribera kalean. Datorren asteburutik aurrera eskualdeko beste herrietan ere sinadurak biltzen arituko direla azaldu dute. 

Erlazionatuak

Erregularizatzeko babes eske

Maria Maya Manterola 2022 ots 17 Zumaia