Donibane Lohizuneko All Starra irabazi dute Tambourindeguyk eta Imanol Lopezek

Juan Luis Romatet 2022ko api. 29a, 10:00
Lopezen eta Tambourindeguyren besarkada partida irabazi ondoren. Argazkia: Jai Alai News.

Donibane Lohizuneko Campos Berri frontoiak hartu duen Cesta All Star txapelketako finala jokatu da bart. Hiru set lehiatutan erabaki da txapeldunen izena: Jon Tambourindeguyk eta Imanol Lopezek osatutako bikoteak irabazi du txapelketa.

Lapurtarra eta gipuzkoarra Aritz Erkiaga eta Aimar Aldazabal bizkaitarren aurka neurtu dira txapelketako finalean. Zaletuek ederki erantzun dute, eta frontoiko harmailak ia bete egin dira. 

Erkiagak eta Aimarrek eroso jokatu dute lehen setean. Ipasterreko aurrelaria min egiten ari zen pilota biziarekin. 11-7 eta 12-8 aurretik joan dira bizkaitarrak. Tambourindeguyk eta Lopezek, baina, ez zuten seta oparitzeko asmorik, eta 14na berdintzea lortu dute. Seteko azken tantoa, ordea, Erkiaga eta Aimarrentzako izan da: 15-14.

Bizkaitarrak aurretik jarri dira bigarren setean ere: 4-0. Bazirudien finala erabakita zegoela, baina pilota geldoagoarekin Lopez dominatzen hasi da. Sekulako mailan dago, eta Tambourindeguyk ere partida bikaina jokatu du bart. Beraiek izan dira bigarren seteko irabazleak: 9-15.

Set laburrean erabakiko zen zer bikotek lortzen zuen garaipena. Emozioz betetako set berdindu batean, 4-3 jarri dira aurretik Erkiaga eta Aimar, baina hor etxeko jokalariak, Jon Tambourindeguy lapurtarrak, bi tanto jarraian egin ditu, eta bart beltzez jokatu duen bikoteari eman dio partidan eta txapelketan garaipena: 4-5.

Finalaren aurretik emakumezkoen partida jokatu da. Pilota Elkarteko kide Maite Ortiz de Mendibilek Aude Laugierrekin osatu du bikotea. Aurrean, Oihana Sorozabal eta Eneritz Lizardi izan dituzte. Azken hauek izan dira hiru setetan erabaki den partidako irabazleak: 8-10, 10-9, 4-5.