Santelmoak 2022

"Aske, eroso eta beldur gabe sentitu nahi dugu!"

Baleike 2022ko api. 24a, 17:18

"Kaleak eta gauak gureak direla aldarrikatzeko" helburuarekin, manifestaziorako hitzordua jarri zuen Zumaiako Mugimendu Feministak atzo gauerako, baina eguraldi txarraren ondorioz, bertan behera laga behar izan zuten kale agerraldia. Alternatiba modura, lehen kontzertuaren ondoren txosnetako oholtzara igo ziren taldeko ordezkariak, eta testu bat irakurri zuten.

Azpialdean irakur daiteke osorik Zumaiako Mugimendu Feministaren ordezkariek bart irakurritako testua:

"Gabon Zumaia!

Hiru urte luze eta gero ailegatu dira santelmoak, baina jakitun gara, zoritxarrez, eten hau ez dela nahikoa izan festa eremua eraso sexista, arrazista nahiz LGTBI+fobiatik salbuesteko. Aurten ere kaleak feminismoz bete nahi genituen, beharra badagoelako, beharra badugulako. Eguraldiak, aldiz, irakurketa honetara mugatu gaitu, baina mezu argi bat dugu: nazkatuta gaude etxera bidean beldurra sentitzeaz. Nazkatuta gaude gure gorputzek jasaten zuten indarkeriaz. Aske, eroso eta beldur gabe sentitu nahi dugu! Emakume*, bollera, marika, trans edo bazterrean dauden gorputzok ere jai-giroaz, lagunez, ingurukoez eta musikaz gozatu nahi dugu, eta horretara irten gara aurtengo festetan ere. 

Argi dugu:  guztion ardura da guztiok aske eta eroso sentituko garen espazioak sortzea. Hau da, zure laguna inguruko norbait deseroso sentiarazten ari bada, kargu hartu! Erasoren bat egin duela ikusten baduzu edo egin duela esaten badizute, hartu egoeraren ardura eta ez justifikatu bere jarrera. Erasoak ez dira “nahi gabe” edo “besterik gabe” gertatzen, erasotzaile zein konplizeak daude ekintza bakoitzaren atzean. Hartu ardura eta ez izan konplize!

GORA BORROKA FEMINISTA!"