Jabe berria du Zumaiako Siemens lantegiak, hainbat hedabidek jakinarazi dutenez

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 22a, 16:18

Kapital pribatuko Mutares enpresa alemaniarrak erosi dio Guascor zena Siemens Energyri. Albistea ekonomia gaiak lantzen dituen El Economista hedabideak eman zuen atzo.

Siemens Energyk Mutares enpresa alemaniarrari saldu dio Siemens Energy Engines –lehen, Guascor–. Informazio hori argitaratu zuen atzo El Economista hedabideak. Haren arabera, ez dute publiko egin zenbat diruren truke salerosi duten lantegia.

Hedabide horrek Mutares kapital pribatuko enpresako arduradun baten adierazpenak jaso ditu: "Harro gaude energia eta industria sektorearen barruan aparteko enpresa bat erosi izanaz. Berotegi-efektuko gas gutxiago isurtzeko trantsizioak energia malgua sortzeko beharra areagotu egingo du, eta Siemens Energy Engines, hobekuntza operatibo eta estrategiko batzuekin, oso ondo kokatuta dago joera horri etekina ateratzeko".

Siemens Energy Engines enpresak Oikian du egoitza, eta gas eta diesel motorren mundu mailako fabrikatzailea da. Energia sortzeko, kogeneraziorako, hondakinak bihurtzeko eta itsasoan erabiltzeko diseinatuta dago. 60 eta 70 milioi euro bitarteko salmentak ditu, eta mundu osoan 270 langile inguru. Motor osagarrien bi plataforma ere baditu, maila globalean zerbitzua ematen dutenak. Gainera, enpresak Miñaon (Araba) I+G+B zentro bat ere badu.

Oraingoz, langileen ordezkariak diren sindikatuek ez dute adierazpenik egin jabe aldaketa honetaz.