Zesta puntako All Stars txapelketa hasiko da gaur Donibane Lohizunen

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 19a, 11:43

Lopez A multzoan lehiatuko da, eta Jon Tambourindeguy izango du bikotea. Goikoetxea, berriz, B multzoan ariko da, Irastorzarekin. Gaur 18:00etan izango dira aurreneko bi partidak, eta Goikoetxea-Irastorzak Iturria-Lekerika bikotea izango du aurkari. Finala hilaren 28an izango da, eta partida horren aurretik emakumezkoek partida bat jokatuko dute, tartean, Maite Ortiz de Mendibil Zumaiako pilota elkarteko puntistak.

Gaur hasi eta hilaren 28ra arte, All Stars zesta puntako txapelketa jokatuko da Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Campos Berri pilotalekuan. Binakako txapelketa izango da, eta bi multzotan banatu dituzte hamabi jokalariak. Lopez eta Goikoetxea daude tartean. A multzoan ariko da Lopez Jon Tambourindeguyrekin, eta B multzoan, berriz, Goikoetxea, Irastorzarekin.

Azken horiek gaur bertan hasiko dute txapelketa, 18:00etan. Ithurria-Lekerika izango dira aurkariak. A multzoko partida, berriz, Olharan-Etcheto eta Erkiaga-Aimarren artekoa izango da.

Partida guztiak Youtubez zuzenean ikusteko aukera egongo da, eta finalaurrekoak eta finala, baita Canal Plus Sport bidez ere.

Finaleko partidaren aurretik, emakumezkoen zesta punta partida ikusteko aukera izango dute zaleek. Bertan ariko da Zumaiako pilota elkarteko Maite Ortiz de Mendibil, Eneritz Lizardi lagun duela, eta aurkari, berriz, Oihana Sorozabal eta Aude Laugier izango dituzte.

All Stars txapelketako partidak

  • Gaur, asteartea, 18:00etan:
    • Olharan-Etcheto vs Erkiaga-Aimar (A multzoa)
    • Ithurria-Lekerika vs Goikoetxea-Irastorza (B multzoa)
  • Etzi, osteguna, 18:00etan:
    • Beaskoetxe-Basque vs Goikoetxea-Irastorza (B multzoa) 
    • Tambourindeguy-Lopez vs Olharan-Etcheto (A multzoa)
  • Etzidamu, ostirala, 18:00etan:
    • Beaskoetxe-Basque vs Ithurria-Lekerika (B multzoa)
    • Erkiaga-Aimar vs Tambourindeguy-Lopez (A multzoa)
  • Apirilak 26, asteartea, 18:00etan, finalaurrekoak
  • Apirilak 28, osteguna, 18:00etan, finala