Txapelketaz txapelketa ibili dira Pulpoko neska-mutilak Aste Santuan

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 19a, 10:00

Eskubaloi klubeko sei talde Los Corrales de Buelnan (Kantabria, Espainia) izan dira, eta beste bi talde Tortosan (Katalunia). Torneo horiez gain, egun bakarreko saioetan ere parte hartu dute jokalari gazteek, baita beste batzuek Gipuzkoako selekzioarekin lehiatu eta irabazi ere.

Pandemia dela eta bi urteko etenaren ostean, Pulpo eskubaloi klubeko neska-mutilak Los Corrales de Buelna (Kantabria, Espainia) herrian izan dira, bertan Aste Santuan jokatu ohi den txapelketan parte hartzen. Antolatzaileen esanetan, lehia baino, ikastea, ondo pasatzea eta esperientzia on bat izatea dira jardunaldi horien helburuak, eta Pulpok hamar urte baino gehiago daramatza han parte hartzen. Aurtengoan sei talde izan dira han: kimuen mutilen talde bat (2010ean jaiotakoak), kimuen nesken bi talde (2010ean jaiotakoak), infantil nesken talde bat (2009koak), infantil mutilen talde bat (2009) eta infantil nesken talde bat (2008).

"Normalean bigarren urteko infantilak baino ez dira joaten, baina pandemiako azken urteak direla eta, aurten 2009koak, hau da, lehen urteko infantilak, ere eraman ditugu. Taldeek txapelketa polita jokatu dute, eta kimuen kasuan, finalerdietara ere iritsi dira", kontatu du Iban Narbaiza klubeko presidenteak. Kimuak Laredon izan dira lotan, eta infantilak Viernolesen eta Valdeiguñan. Entrenatzaileak eta kontuan hartuta, guztira Zumaiako 100 lagun inguru izan dira txapelketan.

Horrez gain, ostiralean autobus bete haur eta guraso eraman zituen Pulpok Kantabria aldera egun pasa, mini-handball txapelketan parte hartzeko. 2011ko kimuak eta horien familiak joan ziren lehiaketara. "Primeran pasatu zuten Kantabriako, Madrilgo, Euskal Herriko, Errioxako, Gaztelako eta Aragoiko taldeen aurka jokatzen".

Katalunian ere bai

Kantabriako txapelketan ez ezik, Tortosan (Katalunia) ere izan dira Pulpoko mutilen bi infantil talde (2008koak), Tortosa Handball Cup jokatzen. "Taldeetako bat finalera iritsi zen baina Marianistas Ciudad Real taldearen aurka galdu zuten, oso final lehiatuan (16-12). Horien esperientzia ere bikaina izan da", esan du Narbaizak.

Pulpoko presidenteak gainratu du igandean 2009ko zazpi infantil –lau mutil eta hiru neska– Gipuzkoako selekzioarekin aritu zirela: Maialen Sorazu, Axun Gomez, Eider Dominguez, Andres Muñoz, Aritz Korta, Manex Narbaiza eta Uritz Odriozola. Txingudiko txapelketa jokatu zuten Bizkaia, Nafarroa eta Txingudiko konbinatuaren aurka lehiatuz. "Neskak bigarren geratu ziren, finala Bizkaiaren kontra galdu ostean, eta mutilak, berriz, txapeldun izan ziren Nafarroari garaitu eta gero".