Santelmoak 2022

Jose Javier Murciano: "Itsasoak txikitatik erakarri nau; 4 urterekin pasaiari-ontzi bateko kapitaina izango nintzela esaten nuen"

Juan Luis Romatet 2022ko api. 17a, 10:00

Jose Javier Murciano Soretek (Zumaia, 1953) igoko du Kofradiako bandera apirilaren 24ko gauerdian. 35 bat urtez aritu da itsasoan edo itsasoarekin lotura duten lanbideetan, horietatik gehienak merkantzia-ontzietan “Aurrez ere esan zidaten bandera igo beharko nuela, eta azkenean tokatu zait”, dio irribarre batekin. 

“Herri mailan Jose Javier naiz, baina agirian Jose bakarrik agertzen da. Gure amak Jose Javier izena jarri nahi zidan, baina gure aitak erregistroan arazoak izan zituen ez ziotelako izena onartzen; hori ez zela izena esan zioten. Aita haserretu zen, eta azkenean Jose bakarrik agertzen da erregistroan”, dio barre artean. Umoretsu agertu da Murciano elkarrizketara.

Orain arte arrantzale ohiek igo dute Kofradiako bandera San Telmo Egunari hasiera ematen dion ekitaldian, gauerdian. Aurten, baina, merkantzia-ontzietan lanean aritu den itsasgizon batek igoko du. “Kontuan hartu behar da marinelen kofradia dela hau, ez arrantzaleena bakarrik. Beraz, bandera igotzeko baldintzak betetzen ditut!”, dio irribarrea ahotik kendu ezinik. “Hemen, Zumaian, industria asko egon da, eta jende gutxi aritu da ontzietan merkantzia garraiatzen”. 

17 urte zituela hasi zen lanean merkantzia-ontzi batean. “Lehenbizi bi hilabetez aritu nintzen jakiteko zer zen lanbide hori, eta gero Nautika ikasi nuen. 1973an amaitu nituen ikasketak, eta praktikak hasi nituen”. Munduko zazpi itsasoak eta Mendebalde eta Ekialde urruneko portuak ezagutu zituen oraindik gazte zela. “Hasiera hartan Gineako Golkotik egurra ekartzen aritu nintzen Mediterraneora; hamasei hilabetez ibili nintzen lan horretan. 1975ean piloturako ikasketak egin nituen, eta hirugarren mailako ofizial postuan ontziratu nintzen. Pertsiar golkoan hilabetez ibili ginen, Singapurrera joan ginen, eta handik Salomon uhartera, Pazifikoa eta Atlantikoa zeharkatu ondoren etxera itzultzeko”. 

Beste bidaia batzuetan Argentina, New York edo Erdialdeko Amerika bisitatu zituela dio. “Enpresaz aldatu nuen, eta hor egindako bidaia ere polita izan zen. Poloniatik zementua eraman behar genuen Pertsiar Golkora; Europa iparraldera bueltatu ginen, eta materiala eraman genuen Hanburgo, Rotterdam edo Bremeneko portuetara, besteak beste, eta Livornotik, Italiatik, Indonesiara joan ginen. Han berriro materiala kargatu eta Filipinetara joan ginen, eta handik Hego Koreara; Turkiarako ongarria kargatu genuen, eta bidean Hong Kongetik (Txina) pasatu ginen, baita Colombotik (Sri Lanka) ere. Hirugarren bidaia batean, berriz, Kanada eta Estatu Batuetako laku handietara joan ginen. Ondoren, soldadutza egitea tokatu zitzaidan…”. Ordurako munduko txoko ugari ezagutu zituen. “Garai polita izan zen; mundua ezagutzeko aukera zegoen”.

27 urterekin egin zuen soldadutza, “luzapen guztiak bukatu ondoren”. Soldadutzaren ondoren Uralar enpresan hasi zen lanean. “Itxi zuten arte egon nintzen; hamar urte egingo nituen han lan, horietatik bederatzi kapitain bezala. Europa iparraldean eta Mediterraneoan ibili ginen orduan, etxetik hurrerago”.

Baina, zerk erakarri zuen Jose Javier lanbide hauetan ibiltzeko? “Itsasoak txikitatik erakarri ninduen. 4 urterekin esaten nuen pasaiari-ontzi bateko kapitain izango nintzela. Ez naiz ontzi horietako kapitain izatera heldu, baina beste mota batzuetako ontzietakoa bai. Beti erakarri nau itsasoak. Gaztea zarenean gustura ibiltzen zara; lurralde arrotzetan ibiltzeko aukera duzu. Lehen, gainera, ez zeuden gaur dauden trabak. Denborarekin familia bat osatzen duzu, seme-alabak dituzu –bi, bere kasuan–, eta zailagoa egiten da”. Laneko baldintzak ere urteekin aldatzen joan zirela dio: “lehen egunak pasatzen zenituen portu bakoitzean; orain, ordea, armadoreak gastuak gutxitzen saiatzen dira, eta asteburuetan ere lan egitera eta portuan sartu-irtenak egun berean egitera behartzen zaituzte; ez duzu atseden hartzen… Zaila da egoera”. 

Uralar itxi zutenean langabezian egon zela du gogoan. “Horrek familiarekin harremanak estutzeko balio izan zidan”. Beste enpresa batekin hasi zen lanean, baina esperientzia ona izan ez zela dio. “Hor erabaki nuen etxean geratzea, eta oinetakoen denda bat zabaldu genuen hemen, Erribera kalean. Bitartean, oposizioak prestatzen hasi nintzen lan egonkorrago bat izateko; portuko gidari posturako aurkeztu nintzen behin baino gehiagoan, eta azkenean Pasaiako portuan lan hori lortzeko zortea izan nuen; itsasoarekin lotura izaten jarraitzen nuean, baina lehorretik”. 59 urterekin erretiroa hartu zuen arte egon zen Murciano lan honetan. Urte hauetan guztietan itsasoari lotuta egon ondoren, orain mendiak erakartzen duela dio barre artean. “Nahikoa urte eman dizkiot itsasoari”.

San Telmo jai asko pasa ditu Murcianok etxetik kanpo. “Itsasoratzen zarenean festa eta ekitaldi asko utzi behar dituzu atzean. Etxean zaudenean ahalik eta gehien disfrutatzen saiatzen zara. Lanbidea hala da. San Telmo Egun batean Gantetik (Belgika) atera ginen, eta ingalaterrako portu batera joan behar genuen. 24 orduko bidaia zen, edo gutxiago. Halako ekaitza izan genuen, egun eta erdi behar izan genituela. Horiek dira santelmoak pasatu nituena!”.