Kantabrian eta Katalunian aritu dira Pulpo Eskubaloiaren harrobiko taldeak

Juan Luis Romatet 2022ko api. 16a, 11:15

Pandemiak etendako ohitura batzuk berreskuratu ditu Pulpo Eskubaloiak Aste Santu honetan. Hala, harrobiko taldeak Kantabriara eta Kataluniara joan dira egunotan txapelketa batzuetan parte hartzeko asmoz. 

Los Corrales de Buelna (Kantabria) herrian egiten duten txapelketan aritu da beste behin ere Pulpo Eskubaloia. Hiru urte egon dira joan gabe, eta aurten berriro joateko apustua egin du Zumaiako eskubaloi klubak, normaltasun batera itzulita. Lehia baino, ikastea, ondo pasatzea eta esperientzia on bat izatea dira Kantabrian egiten diren jardunaldi hauen helburua, Pulpoko arduradunen esanetan. 

Sei talde eraman ditu Pulpok topaketa hauetara: kimuen mailako hiru (nesken bi eta mutilen bat) eta infantilen beste hiru (nesken bi eta mutilen bat). Atzo, gainera, benjamin eta kimuen mailako beste lau talde ere bertaratu ziren kategoria horiei zuzendutako jardunaldi berezian parte hartzera.

Horiez gain, Pulpo Eskubaloiako beste bi talde Tortosan (Katalunia) jokatzen ari den txapelketa batean aritu dira. Infantil mutil kategoriako taldeak dira hauek. 

Argazkiak: Pulpo Eskubaloia.