Kbi xake kluba: "Zortzi fitxatik hemezortzira pasatu gara denboraldi honetan, eta denek egin dute debuta ligan"

Juan Luis Romatet 2022ko api. 15a, 16:57

Kbi  xake klubeko taldeek amaitu dituzte dagoeneko lehiaketak. Gipuzkoako liga bukatu bada ere, txikienekin lanean jarraituko du klubak denboraldia amaitu arte. Egindako lanarekin "oso pozik" daudela diote klubeko kideek.

"Oso gustura gaude. Iazko denboraldiarekin alderatuz, zortzi fitxatik hemezortzira pasatu gara. Hamar pertsona gehiago izan ditugu, horien artean 12 urteko bi ume, baita bi emakume ere, eta denek debuta egin dute xakeko ligan", adierazi du Kbi xake klubeko presidente Aitor Sarasketak.

Bi talde aurkeztu ditu Kbi xake klubak 2021-2022 denboraldian. Lehena, A taldea, Gipuzkoako ligako bigarren mailan aritu da, eta hirugarrenean B taldea. Oro har, taldeek egindako lanarekin pozik da kluba. "Lehen taldea bikain aritu da, bigarren postua lortuz, eta bigarren taldeak helburuak bete ditu, hau da, jende berriari xakean murgiltzeko aukera ematea", dio Sarasketak.

Lehen mailara igotzeko zorian izan da A taldea. Igoera fasera sailkatu ziren, baina Bidasoa Fiantxeko 2019 klub irundarraren A taldearen aurka galdu ondoren, bigarren postuarekin konformatu izan dute. Aurten, aurreko urte batzuetan ez bezala, talde bakarra igo da mailaz, eta horrek kalte egin die. "Pena da, baina hasieratik genekien Bidasoa A taldea oso gogorra zela, eta horrela demostratu du. Pozik gaude bigarren plazarekin". Liga amaitu bada ere, mailaz igotzeko aukerak daudela diote aditu batzuek. "Bigarren sailkatu direnek mailaz igotzeko aukera izan dezaketela entzun da, baina ez da ofiziala. Beraz, hurrengo denboraldia hasi arte ez dugu jakingo ziur igoko garen edo ez".

B taldea, berriz, laugarren postuan sailkatu da Ligako hirugarren mailan. Jokalari berriei ligako partidetan jokatzeko aukera ematea zuen talde honek helburu, eta zentzu horretan denboraldi hasierako asmoak bete dituela dio Sarasketak. 

Erronka txikienekin

Gipuzkoako Liga amaitu badute ere, denboraldia oraindik ez du amaitu Kbik. "Umeekin oraindik ere erronka batzuk geratzen zaizkigu; alde batetik, ikastaroetan hogei ume ditugu, eta horiekin ekainera arte klaseak edukiko ditugu; bestetik, maiatzaren 7an Gipuzkoako eskolarteko finalak jokatuko dira Donostian, eta kimuen mailako gure lau ume daude sailkatuta".

Kluba ari da pixkanaka indarra hartzen, eta kirol honen sustatze lanetan pausoak ere eman ditu; ikustea besterik ez dago Kabi tabernan zenbat lagun aritzen diren xakean jokoan. "Hori oso pozgarria da. Umeetan indar gehiago hartu nahi dugu, ea beraiei heltzeko modu egoki bat topatzen digun; askotan iruditzen zaigu ez gure proposamenak ez zaizkiola heltzean jendeari behar bezala, baina pixkanaka ea hobetzen joaten garen. Web orrialde bat egiteko asmoarekin ere badabil Oskar Aizpurua taldekidea. Hori eginez gero, lagunduko digu jende gehiagorengana heltzen".