San Telmo Eguneko esku pilota partidarako sarrerak salgai daude dagoeneko

Juan Luis Romatet 2022ko api. 13a, 10:55

2019an jokatutako jaialdiko une bat.

San Telmo jaietako egitarauaren barruan, apirilaren 25ean, 17:30ean hasita, buruzko buruko esku pilota txapelketako partida jokatuko da Aitzuri frontoian. Partidarako sarrerak jada salgai jarri dituzte. 

Buruz buruko txapelketako final laurdenetako lehen jardunaldiko partida hartuko du Zumaiako frontoiak, baina gaur gaurkoz ezin da jakin zer pilotari izango diren lehian Aitzuriko kantxan. Datorren asteburuan jokatuko diren final zortzirenetako norgehiagoketan erabakiko da zer lau pilotari pasatuko diren hurrengo fasera.

Final laurdenetan dagoeneko lau pilotari daude zain: Altuna III.a, Zabaleta, Ezkurdia eta Rezusta, iazko txapelketako finalerdiak jokatu zituzten lau pilotariak. Asteburuko emaitzen arabera jakingo da zer partida jokatuko diren final laurdenetako lehen jardunaldian. Partida horietako bat jokatuko da San Telmo Egunean Zumaian.

Hori estelarrari dagokionez. Jaialdiko lehen partida ere ez dute iragarri oraindik enpresek. Ez dute baztertzen final zortzirenetan kanpoan geratu diren pilotariekin osatzea jaialdiko lehen partida. Beraz, datorren astera arte, behin final zortzirenak jokatu arte, ez da jakingo zer bi partida izango diren santelmoetan Aitzurin.

Hala ere, apirilaren 25eko jaialdirako sarrerak gaur bertan jarri dituzte salgai, hemen.