Liburu(ar)en eta literaturaren inguruan solasean aritu dira Eider Rodriguez eta Alex Gurrutxaga

Juan Luis Romatet 2022ko api. 12a, 13:47

Alex Gurrutxaga eta Eider Rodriguez, atzo Alondegian egindako saioan. Argazkia: Juan Luis Romatet

Eider Rodriguezek eta Alex Gurrutxagak elkarrizketa eta solasaldiaren artean mugitu zen saioa eskaini zuten atzo Alondegiko ikasgelan. Rodriguezen azken liburuaz eta, oro har, bere lanaz eta literaturaz aritu ziren biak hizketan. 

Apirilaren 23a da Liburuaren Nazioarteko Eguna. Horren harira, bi ekitaldi antolatu ditu Zumaiako Udaleko Kultura Sailak, Irakurtzen duten zumaiarrak arriskutsuak dira lelopean. Pasa den astean egin zen ipuin kontaketa musikatuaren ondoren, atzo Eider Rodriguez eta Alex Gurrutxaga aritu ziren solasean Alondegiko ikasgelan.

Elkarrizketa eta solasaldiaren artean mugitu zen ekitaldia izan zen atzokoa. Gurrutxaga izan zen elkarrizketatzailea eta Rodriguez elkarrizketatua; azken honen lana izan zuten atzo hizpide, eta, batez ere, iaz argitaratu zuen Eraikuntzarako materiala liburua. Ipuinak, saiakerak, haurren literaturako liburuak edota komikiak argitaratu ondoren, hau da Rodriguezek atera duen lehen nobela; iktusa izan berri duen aitaren ondoan hasten da narrazioa. Ez, da ordea, ohiko nobela bat: egunerokoak, zerrendak, argazkiak eta beste formatu gehiago nahasten edo uztartzen dituen collagea da hau.

Oso liburu pertsonala izanik, behin argitaratu ondoren zer moduz sentitu zen galdetu zion Gurrutxagak. Fase desberdinak izan zituela azaldu zuen idazleak. "Ikara fasea lehenbizi, baina hori liburu guztiekin gertatzen zait. Gero, ikaratik izura pasatu nintzen, amildegi ilun baten ertzean egongo banintz bezala. Lehen iritziak heldu arte denbora bat pasatu zen, eta haren ondoren, normalizatu zenean, lasaiago sentitu nintzen". Liburua argitaratu aurretik oso pertsona gutxiren eskutik pasatu zela ere azaldu zuen. "Zentzu horretan, oso zuhurra naiz. Behin etxeko galbahea igaro zuenean, hor erlaxatu egin nintzen".  

Liburuak jasotzen dituen hari desberdinen artean –identitatea, klaseak edo Errenteria bezalako herri batean euskara jakiteak edo ez jakiteak sortzen zituen talkak ere badute lekua nobelan– aitaren alkoholismoa dago, eta horrek nola baldintzatu zuen familia. Historia hau buruan bueltaka denbora askoan izan bazuen ere, idazteko prozesua azkarra izan zuela aipatu zuen Rodriguezek. "Idazteko denbora oso laburra izan zen. Behin korapilo honi ekingo niola erabaki nuenean, sei hilabete eta urtebete artean egongo nintzen idaztean. Hala ere, idaztea ez da bakarrik orri aurrean jartzea; nola izango zen, zer tonu izango zuen, pertsonaiak zein izango ziren..., hori dena eginda nuen, eta horren ondoren bakarrik atera zait". Idazteko behar izan zuen denboran Bachen Nekaldia San Mateoren arabera obra izan zuen lagun Rodriguezek.

Ez-fikziozko nobela moduan definitu zuen idazleak bere lehen nobela hau, Gurrutxagaren harridurarako. "Nobela baten definizioan sartzen da. Ez-fikziozkoa da, baina hizkuntza literarioarekin eginda dago, eta nobela formatua dauka. Ez da autofikzioa; kasu honetan, oso perbertsoa izango litzateke estilo hori erabiltzea". 

Liburuaren gaia zein den galdetuta, "mina" dela azaldu zuen Rodriguezek. "Mina de liburuaren muina. Ezinbesteak idatzi behar nuen zerbait da. Kontaketekin nenbilela, bat bukatzean ikusi nuen zerbaitek traba egiten zidala, eta ezin nuela ipuin bezala kontatu. Historia potoloa zen, beti izan dudana, eta heldu behar niona, hori kontatzeak lotsa ematen bazidan ere. Betebehar bat zen hori kontatzea".