Gipuzkoako txapelketa irabazi du Pulporen gizonezko senior taldeak

Juan Luis Romatet 2022ko api. 11a, 09:43

Liga amaitzeko jardunaldi baten faltan lortu du txapeketa irabaztea Labarra Pulpo taldeak, eta Euskal Ligara igotzeko fasea jokatuko du orain. 

Pulpo Eskubaloiak harrobiarekin egiten duen lan onak emaitzak eman ditu beste behin ere. Labarra Pulpo gizonezkoen senior taldeak Gipuzkoako txapelketa irabazi du liga amaitzeko jardunaldi baten faltan.

Pasa den larunbatean Zumarragan jokatutako partidan Urola Laztimendi taldeari 23-24 emaitzarekin irabazi zion, eta hala ziurtatu zuten zumaiarrek sailkapeneko lehen postua. Ligako azken jardunaldia apirilaren 23-24ko asteburuan jokatuko da, santelmoekin batera, eta Labarra Pulpok Txingudi Goibar taldea hartuko du etxean. 

Jardunaldi horren faltan, zumaiarrak liderrak dira 16 punturekin, eta bigarren den Txingudi Goibarri bost puntuko aldea ateratzen dio; hirugarren eta laugarren postuetan Tolosa eta Urola Laztimendi taldeak daude, hurrenez hurren, 9 punturekin. Hiru talde hauen artean banatuko dira Euskal Ligara igotzeko beste bi lekuak. 

Behin Gipuzkoako txapelketa bukatzen denean, Euskal Ligara igotzeko fasea jokatuko du Labarra Pulpo taldeak. Sei talde arituko dira fase honetan lehian: Gipuzkoako hiru, Bizkaiko bi eta Arabako bat. Gipuzkoako Txapelketan lortutako emaitzei esker, Labarra Pulpok hiru jardunaldi etxean jokatuko ditu, eta bi kanpoan. Etxetik kanpo jokatuko dituen partida horietarako autobusak jartzea aztertzen ari da Zumaiako kluba, zaletuak bertara eramateko.

"Faseko partida denak etxean jokatuko balituzte bezala izatea nahi dugu", diote klubeko arduradunek. "Gipuzkoako Txapelketa lortzea ez da gutxi, bada zerbait, baina gure helburua Euskal Ligara igotzea da", gaineratu dute. Pulpoko mutilei ez zaie zaletuen bultzada faltako igoera faseko partida hauetan.