"Gehiegizko kutsaduragatik" kezka agertu dute Arroa Beheko bizilagunek

Nerea Uranga 2022ko api. 7a, 18:30
Argazkia: Nerea Uranga

Ezkaizto auzo elkartearen bilera batean hainbat bizilagunek agertutako kezkaren aurrean, bidea egiten hasi dira. Horren berri eman diote dagoeneko Zestoako Udalari.

Gehiegizko kutsadurarekin kezkatuta daude Arroa Beheko bizilagunak, eta hori dela eta, biltzen hasi dira. Ezkaizto auzo elkarteak deituta, martxoaren hasieran batzarra egin zuten Arroa Beheko Elkargunean. Arduratzen zituen gaia mahai gainean jartzeaz gain, arazoari irtenbidea bilatzeko lantaldea osatzeko helburuarekin egin zuten aurreneko bilkura hura.

Ezkaizto auzo elkartea hilero elkartzen da, auzoko gaiez hitz egiteko –gaur, asteazkena, dute apirilekoa, 19:00etan hasita–. Otsailean egin zuten auzo elkartearen batzarrean, gehiegizko kutsadurarekin kezkatuta azaldu ziren hainbat bizilagun, eta ondorioz, zehazki gaiaz hitz egiteko bilera bat egitea adostu zuten. Martxoaren 9an batu ziren kutsaduraz hitz egiteko, eta orduan Zestoako Udalarekin bilera egitea adostu zuten.

“Kutsadurarekin kezkatuta denbora pixka bat daramagu Arroa Behean. 2019. urtean, airearen kalitatea neurtzeko gailu batekin furgoneta bat egon zen auzoan. Orduan, hauts beltza eta autoetan herdoil kapa azaltzen zirelako hartu zuten neurri hura. Baina neurketak emandako parametroak ontzat eman zituzten”, azaldu du Ezkaizto auzo elkarteko Kepa Iribarrek. Orain, berriro hauts beltza antzematen hasi dira Arroabean, eta horri irtenbidea aurkitzeko lehen pausoak eman dituzte herritarrek.

Dagoeneko, kutsaduraren gaiaz hitz egiteko bilkura egin dute Zestoako Udalarekin. Mikel Arregi alkatearekin eta Zestoako udal teknikari batekin elkartu dira, hain zuzen. “Gure kezka partekatzen dute udaleko ordezkariek, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailarekin hitz egitekotan geratu dira”, adierazi du Iribarrek.

Neurgailu finkoa
Azkenaldian, Arroa Behean “zikinkeria gehiago” sumatzen dutela azaldu zieten Ezkaiztoko kideek udalekoei. Horrez gainera, 2kutsaduraren neurketa jarraitua” egin beharra dagoela azaldu zieten, era berean, “ahalko balitz neurgailu finko bat jartzea” eskatuz.

Zestoako Udalak bere webgunean Arroa Behekoen kezkaren inguruko oharra kaleratu zuen joan den hilean. Ohar horretan, Ezkaiztokoen kezkaren berri jaso zutela jakinarazi zuten udal arduradunek: “Ezkaizto auzo elkarteak adierazi du Gri Castings SL enpresaren isurien kalitateaz kezkaturik dagoela. Auzo elkarteak idatziz adierazi dionez udalari, azken asteetan auzoko hainbat biztanlek beren terrazetan ezohiko hauts beltzaren pilaketa nabaritu dute, eta horrek berriro ere kezka sortu du, auzotarrek arnasten duten airearen kalitatearen egokitasuna zalantzan jarriz”.

Ohar horren bidez, Zestoako Udalak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailari egoeraren berri emango diola adierazi du, eta Gri Castings SL enpresarekin ere harremanetan jarri dela.

Udalak adierazi du “gizarte ongizatearekin konpromiso sendoa” daukala eta «herritar guztien bizi kalitatea bermatzea» duela helburu. “Horregatik, nahiz eta gai honetan zuzeneko eskuduntzarik ez izan, Arroa Beheko auzotarrei egoera hau aztertzeko eta ahalik eta konponbiderik egokiena emateko laguntza eskainiko die”.