“Oinarrikoa zaintzea oso garrantzitsua da Osasun Sisteman, bestela dena pikutara joango da”

Juan Luis Romatet 2022ko mar. 27a, 11:00
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

30 urtez izan da Patxi Ezkurra (Elgoibar, 1955) Zumaiako Osasun Zentroko zuzendari. Iazko abenduan hartu zuen erretiroa, eta elkarrizketa honetan bere hastapenez, Zumaian izandako esperientziaz eta pandemiaz aritu da hizketan, besteak beste. Webgunera ekarri dugu otsaileko Baleike aldizkariko elkarrizketa

Kontsulta orduen ondoren, eta bilera sorta bat amaitu eta gero, izan zuen Baleikek Ezkurrarekin hitz egiteko aukera. Elkarrizketa hau 2021eko azaroaren amaieran egin zen, Omicron aldagaia oraindik ezagutzen ez eta seigarren olatua espero ere ez zenean.

Nola sartu zinen medikuntzan? Txikitatik mediku izateko gogoa al zenuen?

Bada, egia esan, ez zen izan horrela. Txikitan, Elgoibarren, bi irtenbide zeuden: normalean, denok Armeria Eskolara joaten ginen, eta han doikuntza, tornua, fresatzeko makina ikasten genuen; bestela, familiaren arabera, unibertsitatera joan zintezkeen. Nik ez nuen unibertsitatera joateko aukerarik izan. Orduan, Unibertsitate Laboralera joan nintzen eta ofizialtza kimikoa egin nuen. Haren amaieran prestatze kurtso bat egiten zenuen, eta bikainetik gorako nota lortzen bazenuen, beka bat eskura zenezakeen. Orientazio bat jasotzen zenuen, eta hor aukeratu behar zenuen zer ikasi nahi zenuen. Nik filosofia egin nahi nuen, baina aitak esan zidan ea zer egingo nuen ikasketa horiekin. Bera masajista zen, eta Medikuntza egitea erabaki nuen. Horrela hasi zen kontua.

Zaragozan egin nituen ikasketak, eta urtez urte aprobatzen bazenuen, beka berritzen zizuten –diru dezente zen–; horri esker atera nuen karrera. Bestela, gure familian ez zegoen sendagilerik; Medikuntza ikasteko aukerarik ere ez genuen izan aurretik.

Familia mediku aritu zara Zumaian. Ez zenuen izan beste espezialitateren bat ikasteko gogorik?

Hor ere zalantzak izan nituen. Medikuntza ikasketak 1981ean bukatu nituen, eta gero BAMEa [Barneko Medikuko Egoiliarra; MIR gaztelaniaz] egiteko aukera hasi zen. Aurretik ez zegoen halakorik. Ordura arte, herrietako familia medikuek Medikuntza eginda zuten, baina BAMErik ez. BAMEa prestatzen aritu nintzen, eta kostatu zitzaidan: agian 20.000 pertsona aurkeztu ziren Estatu guztitik, eta 1.200 plaza besterik ez zeuden. Laugarrenean atera nuen; suplizio hutsa izan zen. Bitartean, ordezkapenak egin nituen Elgoibarren, anbulatorioan, uda garaian bizpahiru hilabetez. Behin BAMEa atera nuenean, familia medikuntzak harrera ona zuen; beste espezialitate batzuek ez zuten halako harrerarik, laga egiten ziren, edo ez zituen inork hartzen. BAMEa egin eta familia medikuntza aukeratu genuen lehen promozioa izan ginen. 

Jendeak pentsatzen du familia medikuntza ez dela espezialitate bat. Baina gu ere espezialistak gara. Formakuntza lau urtekoa da, ospitaleetan lan egiten dugu, eta espezialitate askotan txandakatzen ere ibiltzen gara. Azken urtea tutore batekin egiten dugu lan, jakiteko benetan zer den lan hau.

Esan daiteke, agian, familia medikua gutxietsita dagoela beste espezialitate batzuekin alderatuta. 
Bai, bai, baina berdina da. Izan da jendea BAMEa goiko postuetan amaitu eta familia medikuntza aukeratu duena, kardiologia edo beste espezialitate bat aukeratzea zuenean. 

BAMEa amaitu ondoren, non aritu zinen?

BAMEa bukatu eta gero, beste beka bat eskatu nuen. Orduan Ingurunearen Arretako master bat ematen zen, Iruñean, Munduko Osasun Erakundeak eskainitakoa. Uraren kalitatea neurtzen zen, airearena, enpresek zer hondakin sortzen zituzten aztertzen zen. Herri bakoitzean titularra zen medikuak –bakarra zegoen herri bakoitzean– inguruneko datuekin txosten bat osatzen zuen. Hori dena ikasi nuen master horren bidez, eta horrekin arituko nintzen ia lau urtez, Grosen, Donostian, anbulatorioaren ondoan dagoen eraikin batean. Gero, oposiziora aurkeztu nintzen familia medikuntzako plaza lortzeko. Familia sendagile formakuntzako koordinatzaile lanetan beste urtebete egin nuen: ospitaleetan-eta izaten diren errotazioak koordinatzen nituen. Gero Zumaiara etorri nintzen. Plaza lortu nuenetik hemen egin ditut urte guztiak. 

Nola gogoratzen dituzu Zumaian igarotako lehen urteak?  

Tren geltoki zaharrean [Moilaberrian] hasi nintzen lanean. Aita Mari auzunean zegoen anbulatorioa ez nuen ezagutu, eta etorri nintzenean, ordurako tren geltokian zegoen osasun zentroa. Gogoan dut hasieratik familia medikuak formatzen hasi ginela; haien tutoreak ginen. Tutore izateko ere Gobernuaren baimena behar duzu; eskatu egin behar da, eta edozein zentrok ez du lortzen baimen hori. Leku polita zen, baina espazio falta genuen. Kontsultak oso txikiak ziren, administrariek apenas zuten lekurik, ez zegoen igogailurik; negu garaian euria ere barruraino sartzen zen. Gogorra izan zen. Denbora askoan egon ginen han, eta zentro berria egin arte gaizki pasatu genuen. Oso-oso gaizki. Giro oso ona genuen, hori bai. Nik uste betidanik izan dugula familia giroa erizainen, administrarien eta gure artean. Oso ondo moldatu gara elkarren artean. Gero, hau [Basadiko zentro berria] sortu zutenean, unitatea eratu genuen Zestoa, Getaria eta Aizarnazabalekin batera, eta sesio klinikoak egiteko biltzen hasi ginen. 

Zumaiara etorri nintzenean historial guztiak, txosten guztiak, paperean zeuden. 1991n zen, eta ordenagailurik ez genuen. Pertsona bat behar genuen txosten horiek guztiak sailkatzeko, historialak atera eta berriro sartzeko. Pertsona bat horretarako bakarrik. Nik, agian, paziente baten historiala behar nuen, erizainak beste batena, emaginak beste batena, eta hor, batzuetan, historialak galdu egiten ziren. Pentsa, 8.000 lagunen historialak zeuden –orain, dagoeneko, 10.000 gara—, eta asmatu genuen sistema bat kolore bidez historialak sailkatzeko. Hori dena eskuz egin genuen, inprobisatzen. Gero, ordenagailuak ekarri zituztenean, historial klinikoak digitalizatzen lehenengoak izan ginen Estatu mailan, beste hiru zentrorekin batera. Alde horretatik, puntakoak izan ginen. 1995ean izango zen. 2002. urtean osasun zentro batean egiten diren prozesu guztiak ISO moduan lantzen hasi ginen –ordura arte ez zegoen halakorik–, eta hobetze jarraitua ere abian jarri genuen. Sistema hori ezartzen estatu mailako lehen zentroetako bat izan zen Zumaiakoa. 

Urte horiek oso ondo gogoratzen ditut; urrats handiak egin genituen, ez zegoen-eta ezer eginda. Dena egiteko zegoen. Mediku egoiliarra nintzenean ez nekien zer idatzi behar genuen historialetan, ezta non ere; bakoitzak nahi zuena idazten zuen. Historial bat hartzen zenuen, eta ez zenekien nondik hartu ere. Hasi ginen aztertzen zer eduki izan behar zuten historialek, non jarri behar ziren, zer egin. Informatikak asko lagundu zigun horretan; informatikariei esan egiten genien zer nahi genuen. Alde horretatik, garai oso-oso emankorra izan zen, oso ona. 

Taldea hitza aipatu duzu. Zer nolako harremana izan duzue zentroa osatzen duten langileen artean? 

Horri garrantzi handia eman diogu. Bileretan denok egoten ginen. Ospitaleetan-eta medikuek beraien aldetik egiten dituzte bilerak, erizainek beste aldetik, eta administrariek ere beraien aldetik. Gu, normalean, hilean behin edo bitan biltzen ginen denok, ikusteko nola egiten genuen lan, gauzak azkarrago nola egin ikusteko... Lan egiteko sistema horretan sinetsi genuen. Beste leku batzuetan ikusi dudan jarrera ez da izan zentro honetan: “pertsona hori administraria da eta esango diot gauzak honela egiteko nik agintzen dudalako”. Hemen, beti, taldean egin dugu lan; horizontala izan da dena; errespetu handia izan da denon artean, eta niri hori ondo etorri zait. 

Pentsa daiteke familia mediku batek gertutasun handiagoa izango duela pazienteekin espezialista batek baino.
Normalean, gure espezialitatean, irtenbide bat aurkitu behar duzu: ezin duzu pertsona bat bueltaka eduki zuk zer egin ez dakizulako. Horretarako, oso formatuta egon behar duzu; jakin behar duzu noraino heltzen den zure ezaguera, zuk dakizun hori. Dakizun hori ondo egin behar duzu, eta hemen bertan egin behar duzu. Oinarrizko arretak arazoen % 80ri ematen dio irtenbidea. Osasun sistemarako oso albiste ona da hori. Orain, zerbait ez badakizu, hobe da beste norbaitengana bideratzea. 

Lehen familiako medikuak ez zeuden hain formatuta, eta banatzaile lanak egiten zituzten. Paperak betetzeaz gain, beste lau gauza egiten zituzten. Gaur egun, lan pila bat egiten dugu: diabetikoekin, hipertentsiboekin, prostatako arazoak dituztenekin... Gero, patologia ugari dituzten pazienteak ospitalera noiz eraman behar diren lotu behar dugu; hori guztia koordinatu behar izaten dugu, eta alde horretatik asko irabazi dugu.

Etengabeko formakuntza behar-beharrezkoa izango da. 

Jendeak pentsatzen du gu artatzeko gaudela, baina artatu ahal izateko eguneratu behar duzu, zure ezaguera eguneratu behar duzu. Ahal dugunean kongresuetara joaten gara, eta han jakindakoa gero osatu egiten dugu. Ahal denean ikerketak ere egin izan ditugu. Urte hauetan dugun arazoa da pertsonal gutxiago dugula; sentsazio horrekin nago. Dena murriztu dute; aurrekontuak, askotan. Astirik ez baduzu, zailagoa da eguneratze lan hori guztia. Baina, hala eta guztiz ere, hemen mediku egoiliarrak ditugu beti, horrek behartu egiten zaitu saioak egitera eta eguneratzera. 

Osakidetzak oso fama ona du, edo izan du, behintzat. Baina azken urte hauetan kolokan ere jarri da fama hori. Zuk aipatzen zenuen murrizketek izango zuten hor zerikusia.

Klaro. Lehen arretan zein da errekurtsoa? Pertsona da errekurtsoa; gu gara garrantzitsuena, pertsonak. Orain zer gertatu izan da? Jende asko formatu dugu, baina jende horrek gero ez du plazarik lortu eta atzerrira joan izan da lanera. Asko ospitaleetara joan dira larrialdi zerbitzuetara; familiako sendagileak daude ospitaleetako sarreretan lanean, etxeko ospitalizazioan, epidemiologo lanetan, kudeatzaile lanetan. Pertsonala murriztu egin da, eta garaia heldu denean, beharra zegoenean, jenderik ez genuen. Pertsonalik ez badago, horrek zaildu egiten du guztia. Gero, ospitaleetan aurrekontuak asko igo dituzte, farmako berriak ere sortu dituzte, eta oso garestiak dira horiek. Tratamendu horiek sistema xurgatzen dute, eta horrek gugan eragina du. Egia da orain tratamendu bateria handia dagoela. Orain erresonantzia bat, kolonoskopia bat, ekografia bat eska dezakegu hemendik. Gero, soluzio bat aurkitu behar duzu, baina dena hemendik egin dezakezu. Lehen ez genuen horrelakorik; lehen kanpoko espezialista batengana bidali behar zenuen; orain aurretik dena egiten dugu. Gu oso efektiboak gara, oso efizienteak. Oso garrantzitsua da oinarrikoa zaintzea, bestela dena hasten da betetzen, eta hau pikutara joango da. 

Orain pare bat urte, 2020ko martxoan, pandemia heldu zen guregana eta dena aldatu zen. Lehen albisteak heldu zirenean, pentsatzen al zenuten halako eragina izango zuenik?

Oso gaizki pasatu dugu, oso gaizki. Ziurgabetasun hori genuen, inork ez zekien zer zen hau. Ez genuen tratamendurik, eta ikusten genuen, gainera, oso erraz kutsatzen zuela. Jendea hiltzen ikusten genuen. Guk ere beldurra genuen etxera joaterakoan, gure senideei birusa transmititzeko beldurra genuelako. Oso gogorra izan zen. Hemen ikusi ditugu pertsonarik gogorrenak behea jota, etxera zihoazela esaten antsietatea zutelako; Ikusten zenuen pertsona bat ez zegoela ondo eta ospitalera eraman behar zenuela; ikusten zenuen egoitzetan kutsatze maila handiak zeudela; hainbeste patologia zituen jendearekin erabakiak hartu behar zenituela; familiak ikusteko aukerarik izan ez duen pazienteari zainketa aringarriak ezarri behar izan zenizkiola; telefono dei bat jasotzea gaueko orduetan norbait gaizki dagoelako eta hiltzera doalako. Oso-oso gogorra izan da hori.

Onena izan da talde moduan aritu garela. Hor ikusi izan da norberaren duintasuna. Zumaiakoan bezalako zentro batean onena da ikusi dudala talde bat osatu dugula, eta beti batera joan garela. 

Olatu baten atzetik beste bat etorri da, gainera.

Orain txertatuta gaude eta horrek lasaitasun handiagoa ematen du. Baina ikusten dugu gehiago falta dela oraindik. Guk ez dakiguna da txertoa jarri eta gero gorputzak zenbat antigorputz sortzen dituen; agian ez ditu sortu behar adina. Ni bi txertoak jarrita nago, baina agian kutsatu egiten nau, ez dakizu-eta norainoko defentsak sortu dituen. Txerto guztiekin bezala, zenbat eta dosi gehiago jaso, duzun erantzuna handiagoa da. Orain arte birekin egon gara, baina ikusita nola gauden, hirugarrena beharrezkoa izango da. 

Gero, txertatzen ez direnak daude. Okerrena izan da jende bat etortzea hona, kontsultara, gaizki daudela esan, baina, hala ere, ez direla txertatuko. Ordu erdi egon zaitezke azalpenak ematen, eta hala ere entzun behar duzu ez direla txertatuko. Horrek min egiten du, eta ez naiz eztabaidatzen hasten. Zuk ez baduzu ezer egiten, badakizu gaixotasunak zer egingo dizun. Eta gure mende honetan ikerketa zientifikoak aurreratuta daude. Nik erremedio bat badut, hori aldizkari zientifikoetan argitaratzen da, aldizkari garrantzitsuenetan, Science-n, The Lancet-n, eta hor datuak jarri behar dituzu; edonork ikus dezake zer egin duzun, gezurtatu dezake, edo esan ez dagoela ondo. Ezin dena da ezer publikatu ez duen norbaiti, ezer egin ez duen bati, zertxobait esan duelako hari kasu egin. Gainera, prozesu hauek egitea kostatzen denarekin, zenbat denbora, zenbat medio... Ez gaude XVI. mendeko akelarreetan. Gauza serioa da, ikusten ari gara jendea ZIUetan dagoela, eta beste batzuk hilda. 

30 urte egin dituzu Zumaian, osasun zentroko buru. Jendea hazten ikusi duzu, eta umeak zirenak heldutasunera heltzen ere ikusiko zenuen. 

Familia medikuntzak duen onena hori da. Pertsona batzuk jaio zirenetik ezagutu dituzu; ezagutu dituzu haien gurasoak, anai-arrebak, eta hor badakizu nolakoa den familia hori; horrek asko lagundu dizu. Niretzat hunkigarriena da bizitzaren amaiera, eta bizitzaren amaiera asko asistitu behar izan ditut, aringarriak ezarriz-eta. Une hunkigarrienak izan dira, baita aberasgarrienak ere. Asko ikasten duzu, ikusten duzu nola joaten garen bizitza honetatik. Urte hauetan guztietan zumaiar askori lagundu behar izan diot bere azken uneetan, eta agian horrekin geratzen naiz. Gogorrena izan da, baina baita hunkigarriena ere.

Orain erretiroa hartuko duzu. Medikuntza erabat utziko al duzu? Zer asmo dituzu?

Diabetesa asko interesatzen zait, eta nazioarte mailako taldeetan nabil; hor zerbait egiten jarraituko dut. Ziur aski unibertsitatean apuntatuko naiz. Nik uste bizitzan beti erronkak izan behar direla; erronkarik ez baduzu, hilda zaude. Denei esaten diet bizitza honetan erronka batzuk izan behar direla, eta beti egongo dira erronka horiek, ingelesa ikastea ez bada, beste zerbait. Gero, giro sozialean, lehen ez nuen hainbeste denbora lagunekin egoteko, eta orain gehiago izango dut. Oporretarako joateko denbora ere izango dut, garrantzitsua ere bada eta hori. Niri, gainera, bidaiatzea asko gustatzen zait; beti izan naiz bidaiazalea eta hala jarraituko dut... bitxo honek uzten badigu, behintzat!