Haurrak jolasean, Darahliren eskutik

Maria Maya Manterola 2022ko mar. 26a, 14:00

Saharar herriaren aldeko lankidetza astearen barruan, ekintza ugari antolatu ditu Darahli elkarteak, urtero legez. Herrialde horretako kazetarien egoerari buruzko erakusketa zabaldu zuten joan den asteartean, eta gaur, etxeko txikienei eskainitako jolas eta eskulan tailerra egin dute Oxford aretoan bertan.

Aste honetan hasi du Darahlik urtero antolatzen duen lankidetza astea, Mendebaldeko Sahara ez da kazetarientzako herrialdea erakusketarekin. Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetako herriak bizi dituen giza eskubideen urraketak ikusteko aukera dago eta, bereziki, saharar kazetariek eta komunikabideek bizi behar izaten duten informazio blokeoa. 

Atzo, ostirala, 3 camaras ocultas dokumentalaren emanaldia izan zen erakusketaren lekuan bertan, Alondegiko Oxford aretoan. Gero, Garazi Hach Embarek Irizar ekintzailearen eskutik, solasaldia egin zuten. Gaurkoan, berriz, etxeko txikienei zuzendutako tailerra izan da. Ume ugari bertaratu da, eta Darahli elkarteko kideen eskutik, eskulanak, koloredun gatzak, maskarak edota pultserak egin dituzte.