Goikoetxeak eta Aimarrek ezin izan dute Jai Alai Winter Serieseko finala irabazi

Aritz Mutiozabal 2022ko mar. 20a, 16:00
Jai Alai Winters Series sari banaketa (EITB)

Erkiaga-Zabala bikotea gehiago izan da, eta bi jokotan (7-15 eta 12-15) gailendu ondoren irabazi du zesta-puntako neguko txapelketa berria.

Iñaki Osa Goikoetxeak eta Aimar Aldazabalek ezin izan dute Aritz Erkiaga eta Jon Zabala mendean hartu gaur eguerdian Gernikako Jai Alai frontoian, eta, ondorioz, Jai Alai Winter Seriesek txapelak ihes egin die. Oso arrakastatsua izan da aurten estreinakoz jokatu den txapelketa, eta gaurko finalean agerikoa izan da hori, harmailak jendez gainezka bete baitira.

Erkiaga-Zabala bikotea nagusitu da bi jokotan (7-15 eta 12-15). Lehen norgehiagokan hotz hasi dira Goikoetxea eta Aimar, eta aurkariak berehala jarri dira 1-9koarekin aurretik. Apurka-apurka beraien jokoa egiten hasi dira, eta azken txanpan hobetzera egin duten arren, lehen jokoak ihes egin die, 7-15ko emaitzarekin, batez ere Zabala eta Erkiaga sendo aritu direlako une oro.

Bigarren partidan, Goikoetxea-Aimarrek beste itxura bat eman dute, eta neurketa parekatua eskaini dute. Goikok ardura handiagoa hartu du aurreko koadroetan, eta aurkariak baino hobeto ibili dira. Nolanahi ere, oso berdinduta joan dira, zazpina egin duten arte. Hortik aurrera, Erkiaga-Zabalak aldea atera diete, eta horri eutsita, 12-15 irabazi dute partida.