Elkar+ekin Dantzan! egitasmoa egingo dute bihar eguerdian Odietan

Aritz Mutiozabal 2022ko mar. 19a, 11:00

Euskal Herriko ehunka herritan bezala, Martxa baten lehen notak abestiaren erritmora egingo dute dantzan Musika Plazan, elkarteen eta boluntarioen lana aitortzeko.

EIBE Elkarteen Ikerketa eta Berrikuntzarako Ekosistemak Elkar+ekin Dantzan! egitasmoa jarri du martxan, elkarteen eta boluntarioen lana aitortzeko. Dantzaren bidez, boluntarioak zaindu eta formatu behar direla aldarrikatu nahi du, eta, bidez batez, komunitateko ekintzetan herritarren parte hartzea sustatu.

Horretarako, martxoaren 20an, igande honetan, Euskal Herri osoko ehunka herritan edonork dantzatzeko moduko dantza bat egingo dute. Zumaian ere jarri dute hitzordua: 12:30ean izango da, Odieta frontoian.

Zumaiako Astindu dantza taldeak bat egin du ekimenarekin, eta pasa den igandean jauzien doako tailerra egin zuen Odieta bertan, martxoaren 2oan egingo den dantza saioa prestatzeko. Astindun aritzen ez diren beste herritar batzuek ere ekimen honetan parte hartuko dute, igande eguerdian.