Martxan da udaberriko TAO sistema

Elena Marguello 2022ko mar. 15a, 16:50

Gaurtik ekainaren 15a bitartean egongo da indarrean TAOren udaberriko sistema. Iazko bertakoen txartelak balioa izango dute ordura arte, eta tarte honetan txartela behar duen edonork udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan edo egoitza elektronikoaren bidez eskatu beharko du.

Gaur sartu da indarrean TAOren udaberriko sistema, eta ondorioz, asteburuetan indarrean egongo dira bertakoen guneak. Udalak gogorarazi duenez, iazko bertakoen TAO txartelak balioa izango dute ekainaren 15era arte. Tarte honetan txartela behar duen edonork udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan edo egoitza elektronikoaren bidez eskatu beharko du.

Mahai tekniko-politikoaren balorazioaren ondorioz, TAO ordenantzan bi aldaketa nagusi txertatu dituzte. Udalak jakinarazi duenez, aurrerantzean hiru gunetan banatuko dira bertakoentzako gordetako guneak: Zubitxikitik barrurakoan, Zubitxikitik kanporakoan eta Larretxo auzunean. Bestalde, errotazio handiko aparkaleku gehiago egongo dira. Bide horretatik, arranplako gunea handitu da; gune horretan zeuden bertakoen aparkalekuak errotazio handikoak izango dira, baita errepidearen bestaldean dauden Amaia plazako aparkalekuak ere.

Bertakoentzako gordetako guneak

Marra zuriz seinalatutakoak izango dira bertakoentzako gordetako hiru guneak: Zubitxikitik barrura, Zubitxikitik kanpora eta Larretxo auzunea. Astelehenetik ostiralera bitartean edonork aparkatu ahalko du bertan doan eta mugarik gabe. Asteburu eta jaiegunetan, berriz, bertakoek bakarrik aparkatu ahalko dute gune hauetan.

Errotazio azkarreko guneak

Marra urdinak eta gorriak dituztenak izango dira errotazio azkarreko guneak. Bertakoen bereizgarria dutenek aparkatzeko lehenengo 90 minutuak doan izango dituzte, betiere makinatik tiketa hartuta. Hiru orduko gehienezko mugara heldu nahi izanez gero, aldea ordaindu beharko dute.

  • Txomin Agirre (Moilaberriko zubitik Pulpo elkartearen pareraino) eta Amaia plaza. TAO sistema egunero 10:00etatik 20:00etara egongo da, eta gehienez, hiru orduz aparkatu ahalko da.
  • Merkatua (foruen plaza). Astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara, eta larunbatetan 08:00etatik 12:30era egongo da TAO sistema, eta gehienez 30 minutuz aparkatu ahalko da gune honetan. Gainerako orduetan eta egunetan, zonalde horretako bereizgarria dutenek bakarrik aparkatu ahalko dute.
  • Osasun-zentroa. Astelehenetik ostiralera 08:00etatik 17:00etara bitartean. Larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan edonork aparkatu dezake zonalde honetan mugarik gabe.
  • Alai auzunea (Izustarri kalea). Edonork aparkatu ahalko du doan eta mugarik gabe.
  • Txomin Agirre (zubi txikitik Moilberriko zubirainoko tartea), arrapalako gunea eta Manoli txiki aurreko gunea. Larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan 10:00etatik 20:00etara aparkatu ahalko da, ordainduta eta gehienez hiru orduz. Astelehenetik ostiralera bitartean, berriz, edonork aparka dezake doan eta mugarik gabe.

Errotazio ertaineko guneak

  • Itsas kiroldegia, Axular ibiltokia, Sagarbidea-Lubaki (GKN) eta kiroldegi aurreko aparkalekuak. Edonork aparkatu dezake gune hauetan, doan eta mugarik gabe.