Erretratua

Ispilura begiratzea bezalaxe

Onintza Lete Arrieta 2022ko mar. 13a, 10:00

Eskolan batera, txirrindulari elkartean batera, soldaduskan batera... Izena ez ezik, ofizioa ere partekatzen dute Alberto Vicentek eta Alberto Urangak. Kamioilariak dira gaztetatik, eta bolanteari helduta jarraituko dute erretiratu arte. Gustura, gainera, ofizioaz gain afizioa ere badute eta.

Kinta berekoak, izen berekoak, ofizio eta afizio berekoak, eta lagunak dira Alberto Vicente eta Alberto Uranga. Kamioilari aritu dira gazte-gaztetatik, etxean horixe jaso zutelako –bien aitak izan dira kamioilariak– eta gustatu egiten zaielako mundu hori.Txirrindulari elkartean batera ibili ziren jubeniletara arte, soldaduska ere elkarrekin egin zuten Gurutze Gorrian, eta gaur egun txangoak egiten jarraitzen dute, baita boluntario lanean ere, Txirrindulari Elkartean, lehendakaria baita Vicente eta laguntzailea Uranga.  

Desberdintasunen bat nabarmentzearren, Urangak bere kabuz egiten du lan “Uranga garraioak” jarrita daukan kamioi gorri batekin, eta hemen inguruan ibiltzen da; lana amaitutakoan, etxera. Vicentek, berriz, Viveros San Anton enpresarentzat egiten du lan, eta distantzia luzeagoak egiten ditu kamioiarekin; Normandiara (Frantzia), Bretainiara eta Eskoziara joaten da batez ere, baina Italiara ere egin izan ditu laneko joan-etorriak. "Behin Tunezeraino iritsia naiz", azaldu du barrez. Pandemiak Erresuma Batuan harrapatu zuen 2020ko Gabonetan, eta egun batzuk igaro behar izan zituen ez atzera, ez aurrera, Frantziak mugak itxi zituelako. "Famoso egin zitzaigun orduan", gogoratu du barrez lagunak, hainbat komunikabidetan azaldu baitzuen gertatutakoa. "Bizirik dagoen salgaiarekin lan egiten dugu Viveros San Antonen, eta merkantzia lehenbailehen Euskal Herrira bidaltzea zen inportanteena. Azkenean, kamioiaren trakzioburuarekin gelditu nintzen Erresuma Batuan, erremolkea bidalita", azaldu du Vicentek. Egun batzuk geroago iritsi zen bera etxera. 

Atzerrira joan-etorrian hainbeste ordu igarotzen dituenez, mimoz zaintzen du kamioia. Lau urte inguru ditu, baina barrura sartzean estreinatu berri duela ematen du. Lagunari erakutsi dizkio kabinan bertan dituen telebista, mikrouhin labea, nebera txikia, bazkaltzeko nahiz lanerako atera eta sar daitekeen bandeja... Dena dago dotore, ezkutuan. Oheak ere baditu, baten partez bi, litera bihurtzen baita nahi izanez gero.

Biek kamioiari eskaintzen dioten arreta hori, ordea, gutxitzen ikusten dute orokorrean. "Batzuei berdin zaie kamioia narras eramatea edo erdi puskatuan dauden zatiekin. Lan bat gehiago da hau askorentzat". Gaineratu dute gazteentzat ez dela lan desiragarria, eta Euskal Herrian "txofer falta ikaragarria" dagoela. Urangarentzat eta Vicenterentzat, berriz, bizitzeko modu bat da errepidean kilometroak egitea. "21 urte bete eta kamioiko karneta ateratzeko irrikaz egon ginen biok", oroitu dute. "Ez genuen ezer ikasi nahi, argi geneukan zer lanbide eduki nahi genuen". Urangak, hori bai, etxekoak konbentzitu behar izan zituen. "Aitak esaten zidan lan gogorra zela eta hobeto nuela tailerrean hasi, baina niri gustatu egiten zitzaidan hau, txikitatik ibili nintzen bolante artean, eta azkenean lortu nuen nahi nuena". 

Kamioira igo zirenetik, ez dute besterik probatu. "42 urte ditut kotizatuta", esan du Vicentek. Urte horietan guztietan hobetu dira errepideak eta hobetu dira kamioiak, baina iritsi dira hain onak ez diren gauzak ere. "Jendea presaka ibiltzen da orain errepidean, eta kamioilarioi jartzen dizkiguten kontrolak gehiegizkoak dira", azaldu dute. Urangari takografo sistemak ez dio eragiten; bai, ordea, Vicenteri. Kamioiek azken urteetan derrigor eraman behar duten gailu elektronikoa da takografoa, eta egindako distantziak eta abiadurak neurtzen ditu, besteak beste. Lau ordu eta erdi jarraian gidatu ondoren geldialdia egin behar da, eta hori, askotan, onerako baino, kalterako izaten dela azaldu dute. "Askotan gau partean lasai-lasai ari zara bidaia egiten, baina takografoak gelditzeko eskatzen dizu hiru ordu laurdenez. Geldirik zaudenean sartzen da logura, eta gero jarraitzea kosta egiten da", azaldu du Vicentek. Takograforik ez zenean, otorduak jakineko lekuetan egiten zituztela ere oroitu dute. "Badakizu Frantzian halako tokitan ederki jango zenukeela, baina takografoak gelditzeko agintzen badu, eta jatetxea hiru ordu laurdenetara baldin badago, alferrik da; beste nonbait jan, eta kito". 

Salbamendu taldekoak

Vicente eta Uranga elkarrekin ibiliak dira Madrilen kamioien lasterketak ikusten Jaramako zirkuituan, eta beste hainbat txango ere egindakoak dira. Baina aisialdi planak ez ezik, boluntario lana ere majo egin dute elkarrekin, bi arlo oso desberdinetan: arriskuan zirenei laguntzen herriko erreskate taldean, eta kirolean, Txirrindulari Elkartean. Azken horretan lanean jarraitzen dute; ez alferrik, Vicente da elkarteko lehendakaria. "Eta Uranga, nire laguntzailea", esan du irribarretsu; "laguntza eskatzen diogunean beti etortzen da". 

Erreskate lana, berriz, soldaduska amaitzean hasi eta hainbat urtez egin zuten boluntario. Aldundiak Zarautzen suhiltzaileen etxea jarri zuenean utzi zioten. "Garai hartan ez zen suhiltzailerik, eta ikusi zen beharra bazegoela, errepideetan istripu pila bat izaten zelako. Gero, izan genuen suhiltzaile taldean sartzeko aukera, baita ertzainetan ere, aurreneko promozioak zirelako eta guk ezagutza batzuk bagenituelako boluntario gisa, baina ez genuen nahi izan", azaldu du Vicentek. 

Urte haietako bitxikeria bat baino gehiago ekarri dute gogora. "Akordatzen al haiz nola joan ginen Oizen erori zen hegazkinaren istripuaren harira, sutea itzaltzen laguntzera? Durangoko suhiltzaileek eskatu ziguten, kotxe txikirik ez zutela eta hara igotzeko", batek. Eta besteak: "Eta beste behin nola iritsi ginen herritik irten eta Urbiara, itzulipurdika ibili zen ertzainen ibilgailukoei laguntzera? Sei ertzainek izan zuten istripua, eta han joan ginen!".

Arrisku uneak besteei laguntzen bakarrik ez, beren lanean ere pasatu izan dituzte. "Okerrena izaten da gaua iritsi eta zenbait tokitan bakar-bakarrik gaua igaro beharra", bota du Vicentek. Urangak gogoratu du halako bat. "Garai batean supermerkatu kate batera eramaten nuen merkantzia Madrilera, eta goizean deskargatzen aurrena izateko, behin toki bakarti batean gaua pasatzea egokitu zitzaidan. Ez zen beste kamioirik gerturatzen eta beldurra pasatu nuen. Lapurreta asko izaten da kamioietan, baita txoferra lo dagoenean ere. Zorionez, ez zen ezer gertatu". 

Beldurrak beldur, asko eman die eta ematen die ofizio honek. "Bizitzen erakutsi digu lanbide honek, norbere kabuz aurre egiten zailtasunei eta arazoei, eta horrek balio digu bizitzarako. Independentzia ere ematen du, eta hori ere ederra da".

Alberto Vicente

  • Adina: 58 urte.
  • Ikasketak: Delineazioko lehenengo gradua egin nuen Azkoitiko Lanbide Heziketa eskolan, baina 16 urterekin ikasketak utzi eta lanean hasi nintzen.
  • Lanbidea: Kamioilaria.
  • Kamioilaria izango ez banintz... Beharbada, suhiltzaile.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... Lasai egotea, lagunekin afaritara joatea...

Alberto Uranga

  • Adina: 58 urte. 
  • Ikasketak: Zarauzko Antoniano ikastetxean Lanbide Heziketako bi maila egin nituen, baina gero lanean hasi nintzen.
  • Lanbidea: Kamioilaria.
  • Kamioilaria izango ez banintz... Ez dakit. Kamioilaria, kar-kar-kar.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... Bizikletan bueltatxo bat ematea.