Tradizioa bere egin du

Iñigo Gaiton 2022ko mar. 12a, 10:00

Argazki ikusgarriak jarri ditu Francok Oxford aretoan. (Iñigo Gaiton)

Eva Franco argazkilariak Maskarada erakusketa jarri du ikusgai Oxford aretoan. Irudi indartsu, sakon eta ederrekin osatu du martxoaren 20a bitartean ikusgai egongo den argazki bilduma.

Eva Francok lehengo larunbatean inauguratu zuen Maskarada erakusketa . Jende asko elkartu zen irekiera ekitaldian, eta argazkilaria gelditu gabe ibili zen batera eta bestera, batzuei zein besteei harrera egiten. Hitza hartu zuenean, berehala egin zion azpimarra erakusketaren kutsu kolektiboari. “Gauza bat da hau guztia buruan sortzea, pentsatzea, eta bestea, errealitate bihurtzea. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet prozesuan ondoan izan ditudan guztiei”, azaldu zuen emozio handiarekin.

Esker oneko hitz horiek, besteak beste, bideratuta joan ziren argazkietan modelo lanak egin dituztenengana eta irudietako pertsonaien jantziak era artisauan sortu dituzten artistengana: Lola Altolagirre, Harry Watkins, Kris Meraki, eta Yolanda Sanchez. Izan ere, argazkiez gain, aretoan ikusgai jarri dituzte fotoetako atrezzoaren elementu batzuk eta pertsonaiek erabilitako jantzi ederrak ere.

Mitologia eta errealitatea

Francok Argizaiola Saria irabazi zuen iaz, Maskarada Sisters argazkiarekin. Irudi hori erakusketan ikus daiteke, gai bereko beste askorekin batera. Aitortu duenez, “bihotzetik” aukeratu eta landu duen gaia da maskaradena: “Duela hogei urtetik dut emakumea eta gizakion sustraien inguruko interes handia, bada nire sorkuntza bultzatzen duen gai nagusietako bat. Mitologia eta errealitatea nahastea gustatzen zait argazkietan”, azaldu du zumaiarrak.

Francok tradizioaren bere interpretazio bat jarri du jendaurrean ikusgai. Bisitariak irudi indartsuak ikusiko ditu aretoan. Indar hori, ordea, modu finean erreproduzitu du Francok, eta sortu dituen fotoak ikusgarriak dira. Oso fina da azken emaitza. Azaldu duenez, azken bi urteotan sortutako bilduma da maskaradena, lan handiarekin: “Argazki bakoitza egiteko ia egun oso bat behar izan dugu talde lanean: tokiak ondo aukeratu, atrezzoa, makillajea, jantziak…”.

Prozesuaren azalpenekin jarraituz, Francok azpimarratu du irudiek postprodukzio oso gutxi dutela: ”Saiatzen naiz argazkia egiterako momentuan elementu denak prest izaten, eta horrek aurretiazko lan handia suposatzen du. Egin ondoren, ia ez diet edizio lanik egiten gainean”, argitu du. Artistak azaldu du “heldutasun” momentu batean ikusten duela bere burua, eta hor kokatzen duela erakusketa.

Pandemiaren ondorioz bi urte gogor pasatu eta gero, aitortu du erakusketa hau prestatzea “zanbuila bat” izan dela, eta gozatzen ari dela orain.
Gozamen hori nabarmena izan zen erakusketaren inaugurazioan sortu zen giroan; bai herritarrengan, baita artistaren begietan ere. Hilaren 20ra arte egongo da erakusketa zabalik.